Errefuxiatuei harrera egiteko, Erandioko alderdi denak ados

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 28a, 12:45

Erandioko Udaleko Bozeramaileen Batzordea, adierazpen bateratua aurkezten.

Errefuxiatuekiko elkartasun-adierazpena adostu dute Erandioko alderdi politiko denek. Udalak prestasuna agertu du Siria eta Irak kolpatzen dabiltzan gatazka armatuek eragindako krisi humanitarioko errefuxiatuei «harrera eraginkor eta iraunkorra» egiteko, bertakoei babesa murriztu barik.

Erandiok «elkartasun osoa» adierazi die "gerran dauden herrialdeetako errefuxiatuei», eta prest agertu da «merezi duten harrera eraginkor eta iraunkorra" egiteko. Humanitate-arazoari erantzuna emateaz gainera, ordaindu gura dute iraganean milaka euskal herritarrek migrazioaren eta "erbeste politikoaren drama pairatu behar izan zutenean jaso zuten elkartasuna".

Berbez gainera, hainbat neurri jasotzen ditu Udal Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartutako testuak. Horietako bat da Europar Batasunari "asilo politikoa eskatzen duten pertsonakaz eskuzabaltasunez jokatzeko" eskatzea, "immigrazio eta babesa emateko politika bateratuen" bidez. Era berean, Erandioko Udalak konpromisoa hartu du errefuxiatuei, eta, bereziki, umeei "harrera egiteko bitartekoak" jartzeko; esaterako, "laguntzak eta etxebizitzak".

Auzotarrak, laguntzeko prest

Horretarako, euren ekarpena egin gura duten pertsona eta kolektiboakaz lan egingo du Gizarte Ekintza Sailaren bidez, baliabideen informazioa batu eta erregistro bat prestatzeko. "Hainbat auzotarrek, daborduko, etxeren bat eskaini digute", azaldu du Joseba Goikouria alkateak. Bestalde, iheslariakaz lanean dabiltzan Euskadiko CEAR eta ACNUR erakundeei 3.066,92 euroko laguntza eman die Udalak. Goikouriak adierazi duenez, EH Bilduk eta PSE-EEk adierazpen bana aurkeztu zuten, eta alderdi denek begi onez ikusi eta ekarpena egin zuten akordioa errazteko: "borondatea egon da".

Ana Crespo EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu duenez, "herrian bestelako beharrak egon badaude. Ez zaie bizkarra emango: horrek gehitu egingo du, ez ordezkatu".

Adierazpena

 

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun