Garaipena Erandiotarrentzat liga estreinatzean

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 28a, 14:04

Erandiotarren A taldea 2014-2015 denboraldian. © ERANDIOTARRAK

Erandiotarrak areto-futbol taldeak estreinaldi gozoa bizi izan du liga hasieran. Lehenengo taldeak garaipen argia lortu zuen zapatuan kanpoan, Santurtzin, eta sailkapenean bigarren kokatu da. Egun berean, Erandiotarrak Bk denboraldi aurreko lagunarteko partida jokatu zuen Barakaldoko Beti Lagunen aurka. Irabazteko aukera izan arren, akatsek berdintzera eroan zuten.

Erandiotarrak A 4-6 nagusitu zitzaion Santurtzi Bri pasa den zapatu arrastian Karmen kiroldegian, Itai (2), Txutxi, Lander, Gari eta Igorren golei esker. Gainera, tantoek emandako emaitza baino zabalagoa izan zen partidaren kontrola zuri-urdinen ustez.

Lesioek eta hainbat konpromisoek erandioztarren jokalari kopurua urritu zutenez, bigarren taldeko hainbat kide zelairatu zen. B taldekoek egundoko beharra egin zuten. Baloiaren kontrola izanda, Tartangakoek 0-2 (Txutxi eta Itai) aurreratu ziren markagailuan. Moreek tanto bategaz erantzun zuten, baina ezin izan zioten eutsi gainera etorri zitzaien tanto-andanari. Landerrek, Itaik eta Garik gol bana sartu zuten atsedenaldiaren aurretik.

Indarrak berreskuratuta santurtziarrek eraso egin zioten ate zuri-urdinari eta 2-5 lortu zuten. Baina poztasuna laburra da txiroaren etxean eta Igorrek seigarren tanto erandioztarra sartu zuen egurren artean. Handik aurrera moreek presioa ugaldu zuten eta atezaina ere erasoan jarri zuten. Hainbat ahaleginen ostean, 4-6 amaitu zen partida.

Erandiotarrak taldearen ustez, "denboraldi ona egiteko lehengaia dago, eta sortu zen urtean aurreikusi zitekeen baino ekarpen gehiago egin dezakete talde filialaren jokalariek". Halere, areto-futbol taldeak badaki "aurretik lan asko" egin beharra dagoela.

Bigarren taldea

Erandiotarrak Bk bi aste barru ekingo dio lehiari eta, bitartean, lagunarteko norgehiagokak jokatzen jararizten du. Barakaldoko Beti Lagunek eraso franko egin zuten baina erandioztarrek gelditu egin zuten behin eta berriro. Galderrek gola sartu zuen eta soilik atezainak ate propioan sartutako gola eman zien berdinketa Barakaldokoei. Halere, Erandiotarren bigarren taldeak ez du denboraldi aurrekoan partida bat galdu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun