Mende erdiko ospakizunei amaiera emango die Goi-Aldek aste-akabuan

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 30a, 16:20

2010ean, Erandiogoikoko Goi-Alde dantza-taldeak 45. urtemuga ospatu zuen. © ERANDIOKO UDALA

Goi-Alde dantza-taldeak agur esango die 50. urtemugako ekitaldiei, festaz, datozen egunotan. Barikutik domekara, Erandiogoikoko Goi-Alde dantza-taldeak jira eta bira egin dituen 50 urte luzeak ospatuko ditu, auzoan, 160 laguneko familia-giro alaian. Ekitaldi denak irekiak dira, eta, elkartearen partaideez gainera, edozein auzotar zein bisitari ondo etorria izango da. Gainera, jatekoak direnak izan ezik, jarduera guztiak doakoak izango dira.

Ezinbestean, dantza izango da ardatza ekimen gehienetan, 1965eko abuztuaren 15etik aurrera Goi-Alderen arima izan dena. Data hartan kaleratu zen lehenengo aldiz taldea, Andra Mari egunean, auzoko jaietan erakustaldia egiteko. Espiritu horregaz batu ziren, pasa den abuztuan ere, taldetik pasatutako ehunka lagun. Eskarmentu gehien zutenek hasierako garaiak eta pertsonak ezagutu zituzten: On Mariano abadea, taldea sortzea eskatu zuena; Jose Luis Intxaurbe "Kotxelu", agindutakoa gogoz bete zuena; Itziar Aresti, neskak ere dantzan ipini zituena, eta Javi Intxaurbe, dantza-maisua. Haiek ereindako kultura- eta folklore-grina sasoian dagoela erakutsiko dute berriro ere aste-akabuan.

Egitaraua

Urriak 2, barikua

20:00 Goi-Alderen 50. urteurreneko erakustaldia, Erandioko Udal Musika Bandagaz batera.

22:00 Ogitarteko-afaria. Txartelak 2 euroan.

Ostean DJ-a.

Urriak 3, zapatua

12:30 Dantza-taldeen erakustaldia: Goizaldi (Donostia), Gaztedi (Santutxu) eta Baztango Mutil Dantzari Taldeagaz (Arizkun).

15:00 Herri-bazkaria. Txartelak, salgai: 20 euro (umeentzat, 10 euro).

18:00 Taberna ibiltaria.

Ostean DJ-a.

Urriak 4, domeka

Egun osoan Puzgarriak.

13:00 Pintxo-poteoa. Edari bakoitzagaz, pintxoa doan.

17:00 “Arrantzara dantzan!” umeentzako ekitaldia, Irrien Lagunak taldeak antolatuta.

19:00 Korrontzi taldearen emanaldia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun