Rafa Iglesiasi azken agurra emango diote zapatuan Astrabuduan

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 2a, 12:40

Ezkerrean, Rafa Iglesias zena, San Mamesen. © ASTRABUDUAKO FUTBOL TALDEA

Astrabuduako futbol-taldearen familia zabalak omenaldia egingo dio bihar, zapatua, Rafael Iglesias Arroyo kirol koordinatzaile gaztea zenari. Iglesias martitzenean zendu zen, Gurutzetan, 34 urte besterik ez zuela.

Goizeko 11:30etik aurrera, San Lorenzo futbol-zelaian Iglesiasegaz partekatutako uneak gogora ekarri eta agurra emango diote, bertako apaizak otoitz batzuk egin aurretik. Ondoren, abesbatza mistoak "Agur Jauna" eta "Gure aita" abestiak kantatuko ditu. Horren ostean, talde gorritxoek lore-eskaintza egingo diote, sendiari oroit-plaka emango dien bitartean. Azkenik, ehunka puxika gorri askatuko dituzte zelaiaren erditik.

Tekniko ona eta pertsona hobea

Atzo, eguena, burutu ziren Iglesiasen aldeko elizkizunak Areetako Mesedetako Amaren parrokian, Bizkaiko futbolaren aurpegi ezagun asko bertan zeudela.

Koordinatzaileak lan handia egin zuen azken urteotan oinarri-kirolean, eta Astrabu mutikoen taldea gorantzako bidean jarri zuen era izugarrian, aurretik Gazteluzarragaz egin zuen legez. Halere, kirol emaitzen gainetik bere jarrera pertsonala goraipatu dute egunotan ezagutu zuten askok eta askok. Gorka Barrio Astrabuko entrenatzaile ohiak, adibidez, honakoa adierazi du: "Rafari buruz esan dezakedana beti izango da gutxi, baina oso ona". "beti zegoen hor, maila pertsonalean ere, laguntzeko prest.... eta batez ere, irribarretsu".

Astrabuduako Futbol Taldeak "gure dolumin zintzoenak" agertu dizkie familia eta lagunei eta, "momentu mingarri hauetan", haiekaz egoteko konpromisoa hartu du. "Badakigu bere galera mingarria dela, badakigu faltan botako dugula, baina orain zeruan bakean egongo dela ere badakigu", gaineratu du Jorge Perezek zuzendutako klubak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun