Astikako jaiak dira aste-akabu honetan

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 9a, 21:55

Aurtengo jaien kartela.

Aste-akabu honetan, Erandioko Astika auzoan musikaz betetako gau bi antolatu ditu bertoko jai-batzordeak. Gainera, musikazaleentzat akanpalekua jarri dute, Astikan bertan gaua pasatzeko.

Ohi bezala, pregoiaren irakurriz eta txupina jaurtiz hasiko dira Astikako jaiak. Bihar, zapatuan, izango da hori, goizeko 11:30ean. Eguerdiagaz batera abiatuko da egitaraua, graffiti tailerra dela medio. 15:00etan bazkaltzeko elkartuko dira astikarrak eta bisitariak eta bazkalostean, 16:30ak aldera edo, olerki emanaldiaz gozatuko dute.

Iluntzean, 21:00etan, parrillan erreko dute afaria eta orduantxe hasiko da III. Astika Sound jaialdia. Bertan dira jotzekoak edota diskoak jartzekoak honako taldeak: Patrol Destroyers, Brindisi Nero eta Glamity Sound. Horien ostean, "More jaia" izango da, musika gehiagogaz. Besteak beste, Akerjenbe Sound Systema eta La Omega Michelle izango dira entzungai.

Gaua asko luzatuko dela aurreikusi dutenez, antolatzaileek kanpaldirako lekua prestatu dute aste-akabua pasatzera joan gura duenarentzat.

Farmer's Day

Domekan, baserritarren eguna edo Farmer´s Day ospatuko dute. Ez dira goiz hasiko, ez, eguerditik aurrera baizik. 12:00etan, kanpoaldean Lazybone Ramblers izango da eta 15:00etan bazkari 'rantxera' herrikoia. Aurreko egunean legez, 21:00etatik aurrera parrillada eta kontzertuak izango dira. Bigarren egun horretan Eneko Burzako getxoztarra (Mobydick) entzuteko aukera izango da. Gainera, Zarzaparrilla, Mini & Morris eta DJ He musikariek osatuko dute III. Astika Sounden errepertorioa.

Astika... non dago hori?

Astika Erandion dago, Deustutik eta Faoeta auzotik gertu, Carrefour merkataritza gune handiaren ondoan. Halere, askorentzat leku ezezaguna da. Aurten, hirugarrenez antolatu dituzte jaiak, nahiz eta aurten hiru egunetik bira laburtu. Jai-batzordeak gogoratu duenez, bertaratzeko ez da autorik behar, Bizkaibusez joan-etorria egin daiteke. Horretarako, honako lineak hartu daitezke:

  • A2153 Bilbo-Derio, zapatu eta domekan busak bi orduero irtengo dira, 08:00etatik 22:00etara.
  • A2322 Bilbo-EHU, zapatu eta domekan busak orduero irtengo dira, 07:00etatik 22:00etara.
  • A3517 Bilbo-Mungia, zapatuan busak ordu erdiro irtengo dira, 06:40etik 22:40era, eta domekan, orduero, 07:30etik 22:30era.

Ibilbide laburra dute Astikako jaiek. Izan ere, orain urte bi arrakasta handiz hasitako bideari emango diote jarraipena. "Familia giroko jaiak" direla dio jai-batzordeko Manzak: "Denok elkar ezagutzen dugu". Halere, ez da gauza bera handik kanpo gertatzen: "Bilbotik hurbil bagaude ere, ia inork ez du Astika ezagutzen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun