Abioien ordutegiaz kexu dabil Erandioko Udala

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 14a, 12:32

Vueling hegazkin-konpainiaren abioi bat Loiuko aireportuan. ARDFERN

Loiuko aireportuaren ordutegiak zabaltzea aztertzen dabil AENA. Erandioko Udala ez dago ados, zaratengatik.

AENA Loiuko aireportuaren ordutegia luzatzea aztertzen dabil. Erabaki hori hartzekotan, 2016ko udatik aurrera jarriko luke martxan. Horrela baieztatu zuen Cristina Echeverria aireportuko zuzendariak, pasa den irailaren 28an, SER irrati-katean. Echeverriaren aburuz, ez da premiazko kontua, eta erabakia martxoan hartuko du AENAk, Espainiako aireportuez eta aire-nabigazioaz arduratzen den enpresa publikoak.
Ordutegiak luzatzeko eskaera Alex Cruz Vueling hegazkin-konpainiaren presidenteak egin zuen, pasa den abuztuan. Gaur egun, hegaldiak goizeko 06:45ean hasten dira, eta 23:00etan amaitu behar dute. Horregaz batera, atzeratutako abioiek luzapen-baimena dute, goizaldeko 01:00ak arte. Vueling konpainiak egindako eskaeraren arabera, hegaldiak lehenago hasi eta beranduago amaituko lirateke, 06:15etik 00:30era, alegia. Hala ere, Cruzek ez du ezkutatzen bere asmoa dela Loiuko aireportua egun osoz zabalik egotea: “eguneko 24 orduz zabaltzea izan behar du helburu”, adierazi zuen Bilboko Merkataritza Ganberan emandako berbaldi batean.

Kontrako iritziak

Aireportuak sortzen duen zarata dela-eta, fronte bateratua osatu ohi dute Erandio, Zamudio, Derio eta Loiuko Udalek, herritarren eskubideak babes­teko. Ordutegia luzatzearen aurka agertu dira orain. “Luzatuz gero, ondoko udalerriotan soinu-presio handiagoa jasango genuke, eta, ondorioz, bizi-kalitatea eta atsedenerako eskubidea galduko genituzke”, adierazi du Josu Andoni Begoña Loiuko alkate eta lau herrietako alkateen bozeramaileak. Alkateen ustez, ordutegia luzatzeak ez du onura ekonomikorik ekarriko, eta kexu dira “AENAk, hau da, Gobernu Zentralak” aldebakarreko erabakia har dezakeelako. Urria amaitu aurretik batuko ei dira AENAgaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun