Erandioko Atletismo Klubaren eskola 1982an sortu zuten, Jose Bustinza ikastetxe erlijiosoan. Ikastetxea desagertu zen, baina eskola Bizkaiko beteranoena da gaur egun: 33 urte ditu.
Eratu zenetik ez da egon inoiz aurten dagoen beste parte-hartzaile. Izan ere, marka da 85 atletak izena eman izana. Eta baliteke kopuru horrek oraindik ere gorantza egitea, klubak matrikulazio-epea ez ixtea erabaki du-eta. Izandako arrakastaren arrazoietako bat izan daiteke orain arte eskolak Altzagan izan duen eskola-kiroleko jarduna Astrabuduan bikoiztu izana. Horrek neska-mutil berri ugari erakarri du.
Beste motibazio gehigarri bat izan daiteke Erandioko Atletismo Klubak krisi-garaian egindako eskaintza: aste biko doako proba ematen du, matrikula ordaindu aurretik. Epe horretan, norberak ikus dezake giroagaz gustura dabilen, ezelako konpromiso barik.
Erreserbarik ez
Baina, seguru aski, publizitate-kanpainarik garrantzitsuena izan da urteotan eskolako kideek egindako ahalegina, eta bertan sortu diren adin denetako atleten ereduak. Erandioko kirolariek makina bat diziplina praktikatzen dute. 5 eta 10 urte bitarteko neska-mutilek kros, abiadura-lasterketa, luzera-jauzi eta vortex-jaurtiketan trebatzen dira. 10 eta 13 urte bitartekoek, ordea, proba gehiago dituzte aipatutakoez gainera: jauzi hirukoitza, altuera-jauzia, disko-, pisu- eta jabalina-jaurtiketa, eta martxa, besteak beste. Azken multzoa, 14 urtetik gorako atleta federatuek osatzen dute: gurago duten kirolean espezializatzen dira.
Juan Angel Lopez eskolako zuzendari tekniko eta sortzaileak laburbildu du eskolako adiskidetasun eta elkartasun giroa: “kirol honetan ez dago titularrik, ezta erreserbarik ere”.