Erandioko Udalak 6.412.000 euroan aurreikusi du San Jose udal egoitzaren zerbitzu gehienak kontratatzeagatik enpresaren bati ordaindu beharko dion diru-kopurua, datozen lau urteotan. Izan ere, Udalbatzak berretsi ditu Kontratazio Mahaiak onartutako esleipenerako pleguak, EAJ, PSE-EE eta PPren botoakaz. Ganemos Erandio abstenitu da, eta EH Bilduk kontrako jarrera hartu du, baldintza sozial zorrotzak falta dituelako eta zerbitzua udal langileek eman behar dutela uste duelako.
Onartutako baldintzetan zehazten denez, bi dira esleitutako zerbitzu nagusiak: San Jose egoitzan adineko pertsonentzako egoitza-zerbitzua, eta dependentzia egoera duten adineko pertsonentzako eguneko zentroaren zerbitzua. Udal Gobernuak San Jose egoitzaren zuzendariagaz eta udal teknikariakaz landutako testuak jasotzen duenez, enpresak 59 pertsonarentzako zerbitzua eman beharko du. Gainera, eguneko egoitzan 20 leku eskaini beharko ditu. Kontratua sei urtera arte luza daiteke.
Erabiltzaileek baldintza egokiak izateko, 32 behargin aurreikusi ditu Udalak; haietako batzuek jardunaldi laburra izango lukete. Maite Perez zinegotzi sozialistak azaldu duenez, orain finkatu dituzte 2010eko kontratuan ez zeuden lanpostu batzuk: psikologoa, podologoa, animaliaz lagundutako terapia-egilea eta fisioterapeuta.