Erandioko Udalbatzak onartutako adierazpena
Erandio Elizateko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala egin du Indra Sistemas enpresaren egoerari dagokionez.
Azalpena
Arrazoi ekonomiko eta produktiboengatiko kaleratze kolektiboaren prozedura abiatu zuen Indra Sistemas España enpresak duela hilabete batzuk. Espainia osoan 1.850 langileri eragingo die kaleratzeak, hau da, plantilla osoaren %8,5ari, eta Indrak Erandion duen lantegikoak dira kaleratzeko asmoa duten 20 langile.
Indra enpresak zehaztu duenez, 2014an eta 2015ean izan dituzten galerak dira proposamenaren arrazoi. Langileen ordezkaritzak, baina, ez du balorazio bera egiten, eta proposamenak ustezko arazoaren muinari heltzeko neurriak izatea galdegiten dute. Gainera, enpresak aipatzen dituen galerak koiunturalak eta Brasilen gertatutako galerak direla uste dute langileen ordezkariek, eta ez direla arrazoi nahikoa Indra Sistemas Españan enplegu-erregulazioko espediente bat egiteko. Are gehiago, kontabilitate irizpideak aldatzearen eta egitasmoak birsailkatzearen ondorio dira Espainiako estatuan enpresak konputatu dituen galerak.
Bestalde, hartu behar dituen neurriak presazkoak direla argudiatuta saihestu nahi du enpresak langileen ordezkariek bideragarritasun planean parte hartzeko duten legezko eskubidea; baina enpresak bere aldeko neurriak ezartzeko erabiltzen du argudio hori, benetan presazkoa ez delarik.
Enpresaren edo enpresa zati baten etorkizunari buruz ere informazio kontrajarriak agertu dira, eta langileen ordezkariek ez dute horien berri zehatzik.
Eta egoera horrek erakutsiko luke enpresak ez duela, Langileen Estatutuak eskatzen duenez, benetan fede onez eta akordioetara iristeko borondate sendoarekin negoziatu.
Erandio Elizateko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak batera egindako adierazpenean oinarrituta,
Udalbatza osoak honako erabaki hau hartu du:
1.- Erandio Elizateko Udalak Enplegu ministerioari eskaria luzatuko dio ez dezan Indra Sistemas España enpresak aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientea onartu harik eta argituko diren, inolako zalantzarik gabe, nondik sortu diren eta zerk eragin dituen aldaketa negatiboak 2014 eta 2015eko galera eta irabazien kontuetan.
2.- Erandio Elizateko Udalak Enplegu ministerioari gomendioa luzatuko dio ez dezan Indra Sistemas España enpresak aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientea baimendu harik eta azaltzen duen zeintzuk diren arrazoiak Espainiako estatutik kanpora sortutako galerek enpresak herrialdean duen langileen plantillan eragiteko.
3.- Erandio Elizateko Udalak eskaria luzatuko dio Eusko Jaurlaritzari enplegu erregulazio espedientearen egoera aztertzeko bitartekari izan dadin, eta kontratuak bertan behera lagatzeko benetako arrazoiak zuzen baloratzen laguntzeko.
4.- Erandio Elizateko Udalak bere kezka helarazten dio Indra Sistemas España enpresaren zuzendaritzari, kezka prozeduraren kudeaketagatik Erandioko udalerrian 20 lanpostu galdu daitezkeelako eta herrialdeko IKT sektoreko enpresa garrantzitsuenetako baten etorkizuna arriskuan jartzen ari delako. Erandioko Udalak enpresaren zuzendaritzari eskaria luzatzen dio langileen ordezkariekin fede onez negoziatu dezan akordio bat lortzeko asmoarekin, enpresak Erandion duen lantegiaren etorkizunari eta langileen eta horien familien etorkizunari buruzko akordioa izan ere.
5.- Alkateak aginpidea izango du erabaki hau betearazteko beharrezko diren ebazpenak emateko".