Boladok Sestaon hasi zuen bere futbol-ibilbidea, ezkerreko erdilari postuan, 20 urte zituela, 1951-52 denboraldian. Hurrengo urtea ere Riverren egin zuen. 1953-54rako, ordea, Alavesagaz sinatu zuen. Bolado zerbitzu militarra egin behar zuen Arakan, baina Alaveseko zuzendaritzako kideren bat militarra zenez, Bolado salbuetsita geratu zen eta ez zuen soldaduska bete. Horri esker, futbol-zelaian zentratu zen. Bitartean, Athleticek tentatu eta kontratua egiten saiatu zen, baina Alaveseko zaleek azpimarratu dutenez, "Boladok, hitzeko gizona zenez, Deportivo Alavesengatik sinatu zuen, aurretik agindu zuen legez".
1953-54ko denboraldia arrakastatsua suertatu zen, eta Alaves taldeak Bigarren mailako liga irabazi eta Lehenengo Mailara igo zen. Boladok 26 partidatan jardun zuen eta gol bi sartu zituen. Beste denboraldi bitan jokatu zen Alavesen, biak Lehenengo Mailan, 16na partida jokatuz. 1955-56ko denboraldi hartan beste gol bi lortu zituen erandioztarrak. Halere, "Gloriosoak" sailkapenaren hondoa jo zuen, azkena geratuz, eta Bigarren Mailara jaitsi zen.
Real Jaenek kontratatuta, Boladok Lehenengo Mailan jarraitu zuen baina lau partida besterik ez zuen jokatu. Horregatik, denboraldia amaituta, beste talde baten bila hasi zen eta Ceutaraino joan zen Bigarren Mailan jarduteko. Afrikan denboraldi bakar bat eman ondoren, jaioterrira bueltatu zen eta Erandioko Kirol Elkartean amaitu zuen bere karrera, 1958-59an.