"Indarkeria matxista" gaitzetsi du Erandioko Udalbatzak, aho batez

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 6a, 10:55

Almudena Matarranzen hilketa salatzeko manifestazioa.

Azaroaren 25aren atarian, Erandioko Udalak emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztera deitu du.

Urtero legez, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egu­naren harira, adierazpen instituzionala onartu du Erandioko Udalak, talde politiko denek aldeko jarrera agertuz. Aurten, Almudena Matarranzen hilketak markatu du testuaren norabidea. Izan ere, Matarranz ustez bikotekideak hil zuela zabaldu ostean, Erandioko Udalak praktikan ipini zuen Euskal Herriko Emakumeen Martxak iradokitako protokoloa, lehenengo aldiz.

Sei konpromiso

Erandioko Udalak sei konpromiso hartu ditu "udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde". Lehenengoa da Emakumeen Mundu Martxak onartutako «biolentzia matxistari aurre egiteko protokoloa geure egitea», eta "Emakundek argitaratutako protokoloarekin bateragarria" da.

Bigarren neurria Emakumeen Udal Kontseilua "indartzen jarraitzea" da. Hirugarren puntuan, Udalak agindu du "herrian berdintasunaren aldeko borroka indartuko duen" diru-kopurua ezartzea 2016ko aurrekontuetan. Era berean, hezkuntza-eragileei eskatu diete genero-berdintasuna curriculum-lerroetan lantzea.

Bosgarren puntuan, herritarrei gonbit egin diete «pertsonek eta kolektiboek har ditzaten berdintasunaren aldeko konpromisoa» urteko egun denetan, eta azaroaren 25eko zein Beldur barik ekimeneko ekitaldietan parte har dezaten. Azkenik, Udalak bat egin du azaroaren 25erako mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioakaz, eta haietara joatera ere deitu du.

Balorazioak

Joseba Goikouria Zarraga alkateak aintzat hartu zuen agiria idazteko orduan talde politiko denek "egindako ahalegina" eta "eskuzabaltasuna", ideologia ezberdinak izan arren "adostasunera heltzeko".
Bide beretik, Rafa Vaquero Gonzalez Ganemos Erandio-ko bozeramailea pozik agertu zen adierazpena lantzeko prozesuagatik, eta Udalbatzaren funtzionamendua "hobetzen dabilelako seinaletzat" jo zuen. Era berean, eskertu zuen testuan "gaitzespen irmoa" egitea, "herrian zabaldutako hainbat zurrumurru isilarazteko".

Ana Crespo Hurtado EH Bilduren eledunak, ordea, aldeko eta kontrako iritziak tartekatu zituen, agiriaren balorazioa egitean. Bere esanetan, "urtero egiten dugu" azaroaren 25erako adierazpena, eta "batzuetan, hitz berberakaz, gainera". Kontuak hala, Crespok kritikatu zuen Udalbatzak onartutako testuen "hitz handi horiek ezerezean geratzen" direla, eta udaletxean bertan "erasoak eta arazoak" badirela salatu zuen. Besteak beste, udaltzain bati espedientea ireki zion Udalak, iaz emakumezkoen komunean sakelako telefono bategaz lankide bat biluzik grabatzeagatik. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak kalte-ordaina eta isuna ordaintzera zigortu zuen. Aldekoen artean, Crespok azpimarratu zuen lehenengo aldiz erabili duela Erandioko Udalak "indarkeria matxista" esamoldea, eta "garrantzitsutzat" jo zuen "gauzei dagokien izena ematea". Kontrako aldean, ‘feminismo’ hitza faltan izan zuen, parekidetasunean bidean beste pauso bat litzatekeelakoan.

Bestalde, EH Bildurentzat "adierazpena baino, askoz garrantzitsua da urtean zehar egiten dena" eta, hortaz, konpromisoa hartu zuen adierazpen gehiago ez onartzeko, aurtengoa urtean zehar bete ezean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun