Pasa den uztailaren 10ean, Erandioko emakumeen elkarteek eta Berdintasun Zerbitzuak aurkeztu zuten "Memoria historica colectiva de las mujeres del municipio de Erandio" liburua. Uda ostean, Interneterako jauzia egin dute, Erandioko andreen lekukotza sarean ere ikusgarri izan dadin.
Erandioko Berdintasun Zerbitzuko kideek azaldu dutenez, liburua Erandioko Emakumeen Memoria Historiko Kolektiboa izeneko proiektuaren barruan dago. Ekimen hori aurten abiarazi dute, modu parte-hartzailean, udalerriko hiru emakume elkarteen bultzadari esker jaio zen-eta. Inguruko emakumeen memoria ikertzea gura zuten Altzagako Erandioko Emakumeen Elkarte Soziokulturalak, Astrabuduko Emakumeen Elkarteak eta Erandiogoikoko Damatxoak Emakumeen Elkarteak. Iraganeko testigantzak batzeak helburu sendoa zeukan: udalerriaren historia euren ahotsetatik eraikitzea. Horretarako, bidaia-lagun izan dute Erandioko Udalaren Berdintasun Zerbitzua.
Landa-lana egiteko hainbat hilabete eman zituzten elkarteetako kideek. Denbora horretan, Erandioko emakumeak elkarrizketatu zituzten, taldeka eta bakarkako berbaldietan, eta hamaika gai jorratu zituzten: familia, harremanak, garaiko testuinguru politiko eta soziala, erlijioa, ohiturak, arropa, auzoko bizitza, eskola, lan produktiboa zein erreproduktiboa, gerra garaia, diktadura, euskara eta abar. Lekukotza horiek denak aipatutako liburuan batu zituzten. Horren aurkezpena ere, modu parte-hartzailean egin zuten, lanaren sorkuntzan parte hartu zuten emakumeakaz batera.
Agiri eta historia ofizialetik kanpo
Denera, hainbat adin-tartetako 50 emakumek eman zuten euren lekukotasuna. Eskarmentaturik handiena Rosa Uriagereka Beikak izan zuen; 1927an, Leioan jaio zen. Gazteena, ordea, Nieves Curros Seijo izan zen, 1961ean Coruñan sortutakoa.
Erandioko Berdintasun Zerbitzutik nabarmendu gura izan dute "proiektu horretan emakumeen elkarteek egin duten lana. Euren bitartez lortu dira emakumeen kontaktuak eta bazkide askok ere parte hartzea talde eta bakarkako elkarrizketetan". Era berean, "oso eskertzekoa" iruditu zaie "proiektu honi eskaini dioten denbora eta eskuzabaltasuna. Eurei esker, Erandioko udalerriaren ikuspegi berri bat lortu dugu. Izan ere, emakumeen bizipenak, sarri, dokumentu ofizialetatik kanpo lotu dira, eta ekimen horren bitartez, aurrerapauso bat eman da emakumeen ikusgarritasuna eta errekonozimendua lortzerako bidean".
Lekukotasunak
Liburuan mota denetako aipuak topa daitezke, batzuk umoretsuak, beste batzuk kritikoak, baina beti andre bakoitzak bizi izandako lekukotasunetik. Adibidez, eskolaren gainean honakoa irakur daiteke: "Ikastetxeko nire oroitzapenak ez dira txarrak, besoa more izaten nebala kenduta, euskaraz berba egiteagatik egiten zizkidaten txatxamurrak zirela-eta. Euskaraz besterik ez nekien, eta eskolan ez gintuzten berba egiten uzten". Beste ildo batetik, honen berri ere eman digute: "Ni [eskola] publikora joan nintzen, baina 13 urtegaz Bilbon zerbitzatzen hasi nintzen, eta, beraz, gutxi ikasi nuen: lau arauak, eta doi-doi. Eskua luzatuta sartu behar nuen eskolara, ezer egin barik. Asko jotzen ninduten, lar, eta motibo barik".