1969ko urriaren 28ko gauean Francoren Polizia Armaturen bala batek Anton Fernandez altzagarraren burua jo zuen, garai horietan erandioztarrak itotzen zituen kutsaduraren kontrako protestetako bati etxeko balkoitik begira zebilela. 15 egunez koman egon ostean, ospitalean hil zen. 29an, goizez, 2.500 langile baino gehiago kalera irten ziren protesta egiten jarraitzeko asmoz. Orduan, 31 urte zeuzkan Josu Murueta astrabuduarra sabelaldean tiro bat hartuta hil zen, gau horretan bertan. Estatuko erakunde batek ere ez zuen gertakarien erantzukizuna aitortu. Hainbat urtez Fernandezen biktima izaera aldarrikatu ostean, Eusko Jaurlaritzak sortutako Balioespen Batzordeak aldeko irizpena eman zuen, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren arabera.