Kalezulo gaztetxeak laugarren urteurrena ospatuko du gaurtik aurrera

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 13a, 12:55

Gaurtik hilaren 21era, Kalezulo gaztetxearen 4 urteko ibilaldia ospatuko dute Erandioko Gazte Asanbladak eta Roko taldeak; gazteen ilusioari ez diote mugarik ikusten.

Gaur, 20:30ean, urteurren-ekitaldiei hasiera emango dien txapligua isiotuko dute Kalezulo gaztetxeko partaideek eta zaleek, azken lau urteotako ibilbidea ospatzeko deialdia eginez. Izan ere, orain dela lau urte, ia 200 gaztek parte hartu zuten "Erandion, gaztetxea bai!" kanpainan, "gaz­­te­ontzako leku fisiko baten be­ha­rra" zegoela iritzita. 2011ko urriaren 23an, hainbat neska-mutilek okupatu zuten utzita zegoen Faro enpresa, Jose Luis Goioaga etorbideko 11. zenbakian. Geroztik, "hamaika ekimen egin dira", Erandioko Gazte Asanbladak akordura ekarri duenez: "afari akustikoak, jaialdiak, tailerrak, auzolanak, bilerak... eta beste hamaika geratzen dira sortzeke". Lokala hutsarazteko arriskuan dago.

Erandioko Gazte Asanbladaren eta Roko taldearen oharra:

Herri honetan gazteontzako leku fisiko baten beharra zegoela hauteman, eta okupazioaren bidez horri erantzuna eman genionetik lau urte igaro dira jada. Epe motz, eta aldi berean luze den honetan, hamaika ekimen egin dira: afari akustikoak, jaialdiak, tailerrak, auzolanak, bilerak... eta beste hamaika geratzen dira sortzeke.

Kalezulo fabrika guztion artean goaz eraikitzen, hobetzen, auzolanean, ilusioz, gogoz, indartsu. Aurretik lan handia geratzen dela badakigu, baina horretarako prest gaude. Gazteen aktibazioan jarraituko dugu, euskal kulturaren ezagutza eta sustapenean. Kalezulok herriaren mesedeetara dagoen tresna izaten jarraituko du, baina kalean segituko dugu ere, kalea geurea delako!

Gaztetxeak gaur egungo kapitalaren sistemari aurre egiteko tresna dauzkagu. Gune autogestionatuak boterearen ikusmiran dauden arren, gurera geroz eta indar handiagogaz ekingo diogu. Beldur gaituzte, gure eskaintza alternatiboak min egiten die, haien kontroletik kanpo gelditzen baikara. Horregatik botereak eraitsi dituen ametsen fabrikak diren gaztetxe guztiak gogoan, zutik daudenei ekarpena egiten jarraituko dugu. Elkartasun besarkadarik beroena Kortxoeneako proiektuan zutik dirauen gazteei, Donostia ezberdin baten alde borrokan, guk Erandio ezberdin baten alde borrokan jarraituko dugun moduan!

Gazteon ilusioak mugarik ez duelako!

Zorionak Kalezulo!

Egitaraua

Azaroak 13, barikua

20:30 Txupin-jaurtiketa eta txorizo-ezustekoa, Jado kalean.

Ondoren Poteoa, Riojano tabernatik abiatuta, Polekele elektro-txarangagaz.

Azaroak 14, zapatua

10:30 II. Eskalada Txapelketa herrikoia, Kalezulo gaztetxean. Amaieran, bazkaria.

18:30 Garagardo artisauen topaketa: Drunken bros, Marbi, Mitika eta Boga. Dastaketa, pintxoak eta tailerrak.

20:30 Txalaparta musikatua.

Ondoren Bertso-brewery-saioa: Arrate Illaro, Igor Elortza eta Amets Arzallus, musika irlandarra, pintxoak eta afaria.

Azaroak 15, domeka

19:00 Kafetegiaren inaugurazioa eta Temps de Canvi(e)s dokumentalaren proiekzioa eta berbaldia, gaztetxean.

Azaroak 18, eguaztena

18:30 Serigrafia tailerra, gaztetxean.

20:00 Zumba-saioa.

Azaroak 21, zapatua

11:30 Umeentzako tailer eta antzezlana, Trantxi, Trontxi eta Truntxi pailazoakaz, Irailaren 23a plazan, udaletxearen aurrean.

13:00 Polka erraldoia, Koliseoan, eta triki-poteoa, Kalezulo gaztetxeraino.

15:00 Gazte-bazkaria.

Ostean Probatu ez duenak ez daki zer den hau Gasteizko gaztetxearen gaineko dokumentalaren emanaldia.

18:00 Lorezaintza.

19:00 Beti-Lagun tabernaren agurra: Amagoren emanaldia, eta ezustekoak.

21:00 Kontzertua: Bastards On Parade (Galizia), Garilak 26, ekitaldia eta DJ Asuran.

Ekimenaren kartela

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun