Erandioko Udalak enpresa bat kontratatuko du udalerrirako gobernagarritasun-plana idatz dezan. Horrela jakinarazi zuen Iratxe Ruiz Diruzaintza zinegotzi jeltzaleak, pasa den urriaren 29ko Udalbatzan, Udal Gobernuaren gastuen partidan izandako aurrekontu-moldaketa bat azaltzean. Ondoren, Joseba Goikouria alkateak argitu zuen kontratuaren diru-kopurua: 6.000 euro. Ana Crespo EH Bilduko bozeramaileak egindako galderei erantzunez egin zuen.
Espainiako legedia
Hego Euskal Herriko erakunde publiko denek bete behar dute Espainiako 19/2013 Legea; gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta gobernu ona arautzen ditu lege horrek. Legeak datu eta informazio zehatzen zerrenda bat osatu du, informazio hori publiko egiteko modu irisgarrian gauzatzeko agintzeaz gainera.
Hala ere, Erandioko Udal Gobernuaren planteamendua harago doa, Goikouriak argitu zuenez. "Lehenengo aldiz" lau urterako plana egin gura baitute; «ea egiteko gai garen», aitortu zuen. Alkateak akordura ekarri zuenez, Udalak urteak eman ditu ahaleginak egiten aurrekontu-zirriborroak otsail edo martxorako idazteko, eta, "hein batean" lortu du. Orain, prozesu horiek azaro edo abendurako aurreratzea da asmoa, aholkularitza-enpresak proposatuko dituen neurriakaz. Era berean, plana alkatearentzat eta Udal Gobernuarentzat ez ezik, oposizioarentzat ere «baliagarria» izango dela uste du Goikouriak, "fiskalizazio lanak erraztuko dituelako".
Rafa Vaquero Ganemos Erandio-ko bozeramaileak pozik hartu zuen neurria, "egin beharra zegoelako".
Gardentasun-adierazle gehiago
Goikouriak aurreratu zuenez, Erandioko Udal Gobernuak azpimarratu du Espainiako legeak baino "askoz gardentasun-adierazle gehiago" garatuko dituztela, "herritarrek ezagutzeko eskubidea daukatelako".
Lehenengo urratsa izango da udaleko kudeaketagaz lotutako "datu ugari" aurkeztea, eta "herritarren eskura" jartzea, gardentasunaren atari baten bidez. Horretarako, laster webgune berria estreinatuko du Erandioko Udalak.
Gainera, hori "hasiera" besterik ez da izango, herritarren parte-hartzea sustatzeko bidean.