Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak biktima askoko zirkulazio-istripu baten simulakroa antolatu du gaur, bederatzi ibilgailuren arteko talka bat. Erandioko Ertzaintzaren egoitza nagusian izan da aipatutako simulakroa eta bertan ehun pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. Horietatik 35 Getxoko Fadura Lanbide Heziketako eta Santurtziko San Jorge Lanbide Heziketako ikastetxekoak izan dira.
Simulakroaren helburua honako hau izan da: Larrialdien Arretarako Euskal Sistemaren Taktiketan ezarritako informazio, komunikazio, esku-hartze eta koordinaziorako prozedurak testatzea, aztertzea eta hobekuntza-neurriak ezartzea, biktima askoko gertakariakaz eta Euskadiko Babes Zibilaren Planaren garapenagaz erlazionatutako kasu batean.
Simulakroan honako erakunde denek hartu dute parte: Segurtasun Saila (Segurtasun Sailburuordetza, Larrialdien Arretarako Zuzendaritza, Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Trafiko Zuzendaritza), Bizkaiko Foru Aldundia (suhiltzaileak-PSISZ), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Osakidetzako Larrialdiak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua, Gurutze Gorria eta DYA.
Avanzadatik kanpo, Avanzadan kokatu dute
Ertzain-hirian egin arren, simulakroa Avanzadako BI-637 errepidean izandako istripu anitz eta hipotetiko batean oinarritu da. Ibilgailu bat hutsegitez kontrako erreian zihoala sortu da istripua, aurrez aurre jo baitu aipatutako ibilgailuak beste auto bat eta, ondorioz, norabide zuzenean zihoazen beste ibilgailu batzuek elkarren kontra jo dute.
Talkaren ondorioz, ibilgailuetako batek su hartu du. Ezbehar horretan 10 hildako, 19 zauritu eta zauririk gabe 5 pertsona izan dira.
Simulakroa egin den ordu bietan, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek ibilgailuetan atera ezinik zeuden pertsonak erreskatatzeko lanak egin dituzte. Ertzaintzako helikopteroaren unitateak larrialdiko dronak erabili ditu, istripuak zirkulazioan sor zitzakeen ondorioei buruz informatzeko. Osakidetzako Larrialdiek gertakaria neutralizatzeko beharrezkoak diren ekintzak egin dituzte. Polizia zientifikoak eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak, berriz, istripua ikertzeko lehenengo pausoak eman dituzte eta, bestetik, Gurutze Gorriak eta DYAk zaurituei laguntza eta arreta psikologikoa emateko baliabideak jarri dituzte.
"Esperientzia hau proba bat izan da guretzat, muturreko larritasun-egoera batean, azkartasunez erantzutea eta larrialdietako zerbitzu guztien arteko koordinazioa funtsezkoak baitira. Simulakroa zirkulazio-istripu bat izan da, baina horrek ez du garrantzi handirik, zeren egindako maniobrak biktima anitzeko bestelako katastrofe batzuetara estrapolatu daitezke", adierazi du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Bertan izan dira aipatutako sailburua, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea eta Pedro Anitua Larrialdien Arretarako zuzendaria, besteak beste.