Josue Atela da Erandioko entrenatzaile berria

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 20a, 20:20

Josue Atela, Zornotzan, 2014/2015 denboraldian. © AMOREBIETA.COM

Josue Atela Llona tekniko derioztarra eta Erandioko Kirol Elkartea akordio batera heldu dira daborduko. Herenegun, Atelak bere lehenengo entrenamendua egin zuen Ategorrin, lehenengo taldeagaz, Gaizka Ballarinek eta Iker Martinek utzitako lekuan. Halere, bihar, zapatuan, 16:30ean, Sodupen, "Iker Martin eseriko da berriro ere aulkian", klub zuri-urdinak azpimarratu duenez.

Atelak oraindino beharraren erdia eginda dauka, hainbat jokalari aurretik entrenatu diotelako eta besteetatik gehienak jolasten ikusi dituelako. Halere, adierazi duenez, "nire lehenengo helburuak dira daukadana ondo jakitea, eta izan ditzakegun hutsuneak betetzea". Zentsu horretan, biharko partida kontaktua hartzeko baliagarria egingo zaiolakoan dago.

Derioztarraren erronka izango da Ohorezko Mailaren sailkapenean gorantz egitea, Iker Martin koordinatzaileak jaitsiera postuetatik atera ostean. Aurretik, Ballarinegaz, sei partida galdu zituzten jarraian.

Atelak Somorrostro gidatu zuen 2013/2014 denboraldian, eta Hirugarren Mailara igotzear geratu zen, Erandioren erruz. Aurretik, bere herrian jardun zuen, Derio 2008/2009 eta 2012/2013 bitartean entrenatu baitzuen.

Pasa den denboraldian, ordea, Bigarren Brako jauzia eman zuen, Amorebietak deituta. Halere, Atela kexu agertu zen Durangaldeko klubaren zuzendaritzak esku-hartze handia omen zuelako aldagelan. Tira-biren ondorioz, teknikoak dimisioa eman zuen pasa den urtarrilean. Derioztarraren arabera, aurretik kontratatuko zuteneko zurrumurrua entzun bazuen arren, pasa den domekan jaso zuen zuri-urdinen lehenengo deia.

Egoera zail xamarra

Jaisteko lekuetatik ihesi dabil Erandioko talde-nagusia. Mugan dago, Ohorezko Mailako 16. postuan, 5 puntugaz. Atzean dauzka Urduliz, puntuazio beragaz, eta Trapagaran, azkena, lau puntugaz. Orain aste bi, zuri-urdinak jaistekoak ziren, 7 partidetatik 6 galdu eta bat irabazi ostean. Orduan, dimisioa aurkeztu zuen Gaizka Ballarin entrenatzaileak, "emaitzak negatiboak izan direlako".

Iker Martin koordinatzaileak eta filialeko entrenatzaileak hartu zuen behin-behinean taldea, eta berdinketa bi lortu ditu, Derion eta Ategorrin.

Julio Puertas zuzendaritzako kideak onartu duenez, "teknikari bategaz gabiltza elkarrizketetan". Baikorra da, baina pazientzia eskatu du entrenatzaile berriak sinatu arte. Era berean, Ballarin eta bere laguntzaileei  "profesionaltasuna" eskertu die. Gainera, azpimarratu duenez, "joan dira lan egin duten arte bakarrik kobratuz, eta hori aipatzekoa da".

Pasa den maiatzean, erabateko aldaketa izan zuen Erandioko Kirol Elkarteak. Futbol-taldea Hirugarrenetik Ohorezkora jaitsia zen, eta Oskar Tabuenka ordura arteko entrenatzaileak lekua egin zion Apurtuarte taldetik zetorren Gaizka Ballarini. Marina Garcia Franco presidente berriak orduan azaldu zuenez, klubak Ballarinengan konfiantza jarri zuen, "eskarmentu eta ilusio handikoa" zelako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun