Gabonak Uribe Kostan

Mari Domingi eta Olentzero bateraturako entseguak hasi dira Altzagan

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 10a, 17:45

Altzagarrek Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera prestatzen dihardute daborduko. Behingoz, denek batera, besoz beso. Abenduaren 24an helduko dira euskal mitologiako pertsonaiak Altzagara, baina ondo etorrian aktiboki parte hartu gura dutenek egunotan dituzte kantu-, dantza- eta antzerki-entseguak. Ekimena sustatzen dabiltza, besteak beste, Jado ikastetxearen eta Altzaga ikastolako IGEak, Uztargi dantza-taldea, Gautxoriak, Erandioko Gazte Asanblada, Erandio Kantagunea eta Erandioko Udala.

Olentzero bateratuaren komunikatua

Abagune historiko baten aurrean gaude, Erandioko Altzagako auzotarrok zorioneko gaude, beraz. Orain dela urte gutxi batzuk pentsaezina zen gertaera errealitate bihurtu da: errealitate bihurtu dugu! Urteetan zehar abenduaren 24ko arratsalde-gauean Altzagako auzotarrak banatuta izan gaituen egoerari buelta ematea lortu dugu. Indarrak batzearen formula garaile izan da oraingoan ere.

Ondorioz, pozik esan dezakegu: Olentzero eta Mari Domingiren kalejira bakarra izango dugu aurten Altzagan hainbat urteren ostean lehen aldiz.

Auzoko elkarte, ikastetxe, guraso elkarte eta Udalaren elkarlanari esker, Olentzeroren inguruan orain arte izandako egitasmo biak, kalejira biak, batu eta jaialdi bakarra antolatzea lortu dugu. Gora gu!

Ondorengoa izango da egun horretarako prestatutako egitaraua:

Herritarrek parte hartzeko jaia nahi dugu, eta hori sustatze aldera abenduaren 24ko ekintzak lantzeko zenbait entsegu egingo da:

- Kalejiran zehar abestuko diren kanten entsegu irekiak (Kantagunearen eskutik): abenduaren 9, 10, 16, 17 eta 23an (19:00), Azoka zaharrean.

- Kalejirako geldialdi batean (metroko zabalgunean) dantzatuko diren dantzen entsegu irekiak (Uztargiren eskutik): abenduaren 9an (19:00), Uztargi elkartearen lokalean (Bekoa ikastetxean).

- Desfileari amaiera emateko egingo den antzezlanaren entsegu irekia (Gazte Asanbladaren eskutik): abenduaren 8, 13 eta 20an (19:00), gaztetxean.

Abenduaren 24rako egitaraua

17:00etatik aurrera Olentzero eta Mari Domingiri harrera eta gutun jasotzea (Azoka zaharrean).

18:30ean Kalejira (musika, dantzak, kantak).

20:00etan kalejirari amaiera emateko antzezlana (Irailaren 23a plazan).

Jado ikastetxearen eta Altzaga ikastolako IGEak, Uztargi dantza-taldea, Gautxoriak, Erandioko gazte Asanblada, Erandio Kantagunea eta Erandioko Udala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun