Herriak jan eta berba egin zuen ondoren: berdinketa. 27 boto lortu zituen talde bakoitzak, eta beste hiru lagunek berdinketaren alde egin zuten. Jon Fano Takolos irrati-klubeko kideak argi utzi duenez, "emaitza ez da amarruz lortu; horrela atera da. Lagunak gara, baina lehia kontuetan, etsairik handienari bi kandela piztu behar zaizkio". Fanok azpimarratu du martitzenean bizi izandako "giro itzela; izugarri ondo pasatu genuen". Halere, gehien estimatzen duena da elkartasunezko helburua bete egin zutela. Erronkari esker, antolatzaileek 391,81 euro eta loteria-dezimo bat eman dizkiote Bizkaiko Caritasi. "Aste-akabu luze batean izateko, oso ondo dago", iritzi dio Fanok, lagundu dutenei eskerrak eman aurretik, "BMri bereziki".
Dena urriaren 24an hasi zen, Takolosek III. Putxera Eguna antolatu zuenean. Orduan, ohiko lehiakortasuna berpiztu zen Jon Fanoren eta Coppi tabernako Juan Carlos Pereiraren artean; kuadrilla bien arteko elkartasun-erronka egitea erabaki zuten. Ez zutena espero zen beste kuadrilla bik ere euren burua aurkeztea. Baina desafioa auzoan bolo-bolo ibili ondoren, horrela suertatu zitzaien. Takolosen hurrengo desafioak honakoak dira: Eguzkilore taberna, urtarrilaren 24an; Astrabuduako Futbol Taldea, otsailaren 21ean; eta azkenik, Goitiko taldea, martxoaren 20an. Desafioei esker, Down Sindromearen Fundazioa, Ulertuz ume gorren aldeko elkartea eta Elikagai Bankua lagunduko dituzte.