Gazte biren epaiketak Kalezulo gaztetxearen itxiera ekar dezake

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 11a, 12:15
Atzoko prentsaurrekoa.

Gaur zortzi, urtarrilaren 18an, Erandioko gazte bi epaituko dituzte Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegietan, eraikin-usurpazio delitua egotzita. Bista goizeko 11:30ean hasiko da, 7. aretoan. Akusatuek 300 eurotik gorako isun banari egin beharko diote aurre, baina HIRUKAri ohartarazi diotenez, epaiak bidea ireki lezake Kalezulo gaztetxearen hustea eta itxiera agintzeko. Halere, "epaiketa honek ez gaitu geldituko!" ziurtatu dute. Orain dela lau urte, epaileak arrazoia eman zien gazteei, beste auzi batean. Erandioko Gazte Asanbladako kideek eta dozenaka auzokidek babestu dituzte gazteak eta domekan elkartasun-argazkia ateratzera deitu dute, 13:30ean Altzagako Jado eta Ibarra kaleetako kantoian.

Erandioko Gazte Asanbladak gogor kritikatu du Erandioko Udalaren jarrera "suntsitzailea". Bere ustez, auziperatutako gazteak "ez dira kasualitatez aukeratuak izan: Udal Gobernuak aukeratu ditu, urteetan gazte mugimenduan izandako konpromisoagatik, akaso". EGAk gogorarazi duenez, Kalezulo gaztetxea orain dela lau urte jaio zen, "proiektu propioak aurrera eroateko gazteriak zeukan beharrei erantzunez" eta gazteek kudeatuko dituzten espazioak uzteko Udalak "duen ezintasunaren ondorioz". Kontuak hala, urteetan utzitako eraikin bat okupatu zuten, 30 enpresa eta hainbat eraikin huts bere izenean dauzkan jabe batena.

Gazte-asanbladak "positiboki" baloratu du gaztetxearen orain arteko ibilbidea eta uste du Erandioko gazteriaren "erreferente" bilakatu dela, baloreei dagokienez, euskaltzaletasuna, feminismoa eta integrazioa bultzatzeagatik. Besteak beste, "zumba dantzatzen, eskalatzen, asanbladetan, jaietako karrozak egiten, musika jotzen, eztabaidatzen, parrandan, afarietan" eta abarretan makina bat dira gaztetxeari bizitza ematen dioten gazteak. Kalezulo "gizarte justu baten alde borrokatzeko gura duen edonorentzako leku irekia" dela azaldu dute. Horregatik, berau defendatzeko konpromiso irmoa hartu dute: "aurrerantzean geure buruari leporatu ahal izan diogun bakarra borrokatu izana izan dadila". Eta ziurtatu dutenez, "epaiketa honek ez gaitu geldituko!". Aurrera jarraitzeko hitza eman dute, "gaztetxean bertan gainera, Kalezulon"

EGAren arabera, gaztetxeak "herrian bere lekua egin duela" jakin badaki Udalak. Hor kokatu behar dira, euren esanetan, udaltzainek egindako "identifikazioak, gezurrak, trabak... Denboragaz oldartzen joan den jarrera". Ildo horretan, bi gazteen epaiketa "Udalak egindako presioengatik" egingo dela adierazi dute. Baina ukatu dute 18an pertsona bi besterik epaituko dituzten, "proiektu kolektibo bat" baizik.

Prentsaurrekoaren bideoa (© EGA)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun