Erandioko Gazte Asanbladak gogor kritikatu du Erandioko Udalaren jarrera "suntsitzailea". Bere ustez, auziperatutako gazteak "ez dira kasualitatez aukeratuak izan: Udal Gobernuak aukeratu ditu, urteetan gazte mugimenduan izandako konpromisoagatik, akaso". EGAk gogorarazi duenez, Kalezulo gaztetxea orain dela lau urte jaio zen, "proiektu propioak aurrera eroateko gazteriak zeukan beharrei erantzunez" eta gazteek kudeatuko dituzten espazioak uzteko Udalak "duen ezintasunaren ondorioz". Kontuak hala, urteetan utzitako eraikin bat okupatu zuten, 30 enpresa eta hainbat eraikin huts bere izenean dauzkan jabe batena.
Gazte-asanbladak "positiboki" baloratu du gaztetxearen orain arteko ibilbidea eta uste du Erandioko gazteriaren "erreferente" bilakatu dela, baloreei dagokienez, euskaltzaletasuna, feminismoa eta integrazioa bultzatzeagatik. Besteak beste, "zumba dantzatzen, eskalatzen, asanbladetan, jaietako karrozak egiten, musika jotzen, eztabaidatzen, parrandan, afarietan" eta abarretan makina bat dira gaztetxeari bizitza ematen dioten gazteak. Kalezulo "gizarte justu baten alde borrokatzeko gura duen edonorentzako leku irekia" dela azaldu dute. Horregatik, berau defendatzeko konpromiso irmoa hartu dute: "aurrerantzean geure buruari leporatu ahal izan diogun bakarra borrokatu izana izan dadila". Eta ziurtatu dutenez, "epaiketa honek ez gaitu geldituko!". Aurrera jarraitzeko hitza eman dute, "gaztetxean bertan gainera, Kalezulon"
EGAren arabera, gaztetxeak "herrian bere lekua egin duela" jakin badaki Udalak. Hor kokatu behar dira, euren esanetan, udaltzainek egindako "identifikazioak, gezurrak, trabak... Denboragaz oldartzen joan den jarrera". Ildo horretan, bi gazteen epaiketa "Udalak egindako presioengatik" egingo dela adierazi dute. Baina ukatu dute 18an pertsona bi besterik epaituko dituzten, "proiektu kolektibo bat" baizik.