Bestalde, Udalak 210.432 euroko aparteko ekarpena egin zuen iaz, Eusko Jaurlaritzak ipinitako 294.216 euroko zenbatekoa osatzeko. Horrela, 383 pertsonari helduko zaie laguntza.
Adin txikikoak
Haurkide enpresari esleitu berri dio Udalak haur, gazte eta familien aldeko gizarte eta heziketa arloko esku-hartzea eta arreta psikosoziala. Sirimiri aisialdi-zentroaz ere arduratzeko beharra izango du. Haurkide komunitate-garapenerako elkarteak 232.800 euro jasoko ditu urtean, aipatutako lanen ardura hartzeko.
"Adin txikikoek dauzkaten defizitak gainditzen, gizarteratzen eta familian zein komunitatean bizikidetza egokia lortzen laguntzeko zerbitzua eskainiko du enpresak, prebentzio-mailan zein zerbitzu aringarri modura", udal arduradunek azaldu dutenez. Ekimen berriak ere aurkeztu ditu enpresa esleipendunak: babesgabeziako arrisku-egoerak goiz antzemateko egitasmoa, lehenengo seme-alaba izan duten gurasoei begirako eskola, eta herrian bizi diren etorkinen kulturak ezagutzera emateko egitasmoa. Besteak beste, euskara sustatzea ere badu helburu Haurkide komunitate-garapenerako elkarteak.
Helduen Hezkuntza
Urtarrilaren 22ra arte egongo da Helduen Hezkuntzako ikastetxean (Desanexio kalea, 5 - 3. Altzaga) matrikulatzeko aukera. Besteak beste, ondokoak ematen dituzte bertan: Bigarren Hezkuntzako graduatua, kulturaren zabalkundea, unibertsitatean sartzeko proben prestakuntza, ingelesa, argazkilaritza, euskara eta oinarrizko informatika.