Europako forentseen ordezkaritza batek bisitatu du Erandioko Ertzain-hiria

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 27a, 20:30

Jan de Kinder ENFSIren presidentea, erdian, zuzendaritzako kideez lagunduta. IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Gaur goizean, Erandioko Ertzain-hirian izan dira Auzitegi Zientzien Institutuen Europako Sareko (ENFSI) Zuzendaritza Batzordeko kideak. Bisita horretan, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzaren Segurtasuneko sailburugaz batzartu dira, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitatearen instalazioetan.

Gaur egun, ENFSIk biltzen ditu Europako 36 herrialdetako erreferentziako 64 polizia- eta auzitegi-laborategi. Jan de Kinder erakunde horretako presidente belgikarra eta hainbat batzordekide, EAEn dira egunotan, ENFSIren urteko kongresuaren xehetasunak zehazteko. Kongresua Bilbon egingo da maiatzaren 10ean eta 13an, Ertzaintzak antolatuta.

ENFSIk 2014ko maiatzean erabaki zuen, gehiengoz, 2016ko topaketa Ertzaintzak antolatzea. Bratislavan egindako jardunaldi batzuetan hartu zuten erabakia. Estefania Beltran de Herediak orduan adierazi zuenez, "Europako auzitegiko mediku espezialistek gure poliziak ikerketa zientifikoan lortu duen maila handia aintzatetsi dute, eta gure espezialisten eta Europako gainerako adituen arteko harremanak sustatzeko eta informazioa trukatzeko aukera da".

ENFSIren Zuzendaritza Batzordeko kideakaz gaur egin duen topaketan, Segurtasun sailburuak gogorarazi du Ertzaintzaren Polizia Zientifikoak 25. urteurrena ospatu berri duela eta adierazi du Segurtasun Saila prest dagoela maiatzeko kongresua errealitate positibo, eraginkor eta atsegina izateko. "Gure esku dagoen guztia egingo dugu kongresua arrakastatsua izan dadin. ENFSIko laborategietako zuzendarien helburuak bete ahal izan daitezen. Auzitegi-zientziaren arloko jakinduriak partekatu, esperientziak trukatu eta ezagutzak transferitu ahal izan ditzaten", adierazi du Beltran de Herediak.

ENFSIko zuzendarien urteko bileren helburua, "Bilbon egingo denarena, kasu", erakundearen beraren funtzionamenduaren alderdi exekutiboak eztabaidatzea da, bai eta egoera ekonomikoa, plan estrategikoak, proiektuen egoera, lantaldeen emaitzak eta bilakaera eta ikerketa-proiektuak finantzatzeko Europako funtsak ere, besteak beste.

Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, ENFSIren xedea "ezagutzak partekatzea, esperientziak trukatzea eta auzitegi-zientziaren arloan akordioak egitea da, eta, horrez gain, laborategi guztiak jardunbide egokiak egitera eta nazioarteko estandarrak jarraitzera animatzea, kalitatea eta gaitasuna bermatzeko. Gainera, lantaldeak ezartzen ditu, espezialitateen arabera: DNA, dokumentuak, drogak, lehergaiak, hatz-markak, suzko armak, sute eta leherketen ikerketa, auzitegiko informazio-teknologiak, audio-analisiak, grafistika, trazuak, begizko ikuskapenak, pintura, beira, zuntz eta ileen analisia, irudi digitala, eta lurren analisia".

Ertzaintza 2006ko abenduan sartu zen ENFSIn, eskubide osoko kide gisa, Zuzendaritza Kontseiluak aldeko erabakia hartu ondoren, eta espezialistek euskal polizia zientifikoaren maila teknikoa eta bere laborategien garapen maila, prozedurak eta lan-protokoloak (ISO 7025 kalitate-ziurtapenaren bidez egiaztatuta) egiaztatu ondoren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun