"Kaleratzerik gabeko udalerria" da Erandio

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 8a, 10:10

"Kaleratzerik gabeko udalerri" izendatzeko Stop Desahucios plataformaren izenean PSE-EEk aurkeztutako mozioa onartu du Udalbatzak, EAJ, PSE-EE, Ganemos Erandio eta EH Bilduren aldeko botoakaz; PP abstenitu egin da.

Aurreko batean ere, 2014ko urtarrileko osoko bilkuran kaleratzeak pairatzen zituzten familiak artatzeko mekanismo integralak martxan jartzeko mozioa onartu zuen Udalbatzak. Orduan, ohiko etxebizitza galtzen dutenen behar sozialei erantzuteko konpromisoa hartu zuen Erandioko Udalak, eta hala jarraituko duela azaldu zuen, "kaltetuei gizarte-zerbitzuetan lehentasunezko atentzioa eskainiz".

Horrenbestez, Udalak hainbat neurri ipiniko ditu martxan kaleratzeetako kaltetuak artatzeko: hipoteken bitartekaritza-zerbitzura bideratzea; gizarte-larrialdiko laguntzak eskaintzea; beharra duten kaltetuak Osakidetzako osasun Mentaleko Zentrora bideratzea; udal zergen ordainketak atzeratzea; edo larrialdietarako udal etxebizitzak eskaintzea.

"Konpromiso horiek indarrean daude, eta horrela jarraituko dugu", adierazi du Elena Perez Gizarte Ekintzarako Batzordeko delegatuak.

Onartutako mozioa

ERANDIOKO ETXE KALERATZEEN INGURUKO MOZIOA

ERABAKI PROPOSAMENA

Giza eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenik garrantzitsuenek, eta baita Espainiako Konstituzioak ere, politika sozial eta ekonomikoaren irizpide nagusitzat jotzen dute etxebizitzarako eskubidea; horrela bada, gaian eskumendun diren herri administrazio guztiek dute etxebizitza eskubidea sustatzeko ekintza positiboak garatu beharra, tokiko administrazioa barne.

AURREKARIAK.- Egungo krisi ekonomikoaren ondoriorik larrienetakoa da familia askori ezinezkoa zaiola ohiko etxebizitza erosteko eskatutako hipoteka maileguaren ondoriozko betebeharrei erantzutea, edo etxebizitzaren alokairuari dagokion errenta ordaintzea. Gainera, kasu askotan, pairamen bikoitza jasaten dute familia batzuek: enplegua eta etxebizitza, biak, galtzea.

Egoera horren aurrean, tokiko administrazioek ezin dute ezer egin gabe geratu, eta herritarrei babesa emateko eta etxebizitza eskubidea gauzatzeko beharrezko diren ekimenak bideratu behar dituzte. Horrela, herri administrazioek, batzuetan, konpentsatu egin beharko dute finantza-erakundeen eta herritarren artean gaur egun gertatzen den desoreka.

Zentzu horretan, ohiko etxebizitza galtzeko arriskua duten familiak babesteko programak jarri behar dituzte martxan udalek, aholkularitza eta bitartekaritza sendotuz, KALERATZEAK STOP DESAHUCIOS plataforma bezalakoen lankidetzarekin.

Herritarrengandik gertuen dauden administrazioak izanik, herritarren arazo, behar eta eskakizunen jakitun dira udalak, eta milaka familiak bizi duen babesgabetasun egoera kezkagarria zuzendu beharra dute, izan ere, familia asko itota baitaude, krisiaren ondorioz ezin asumi ditzaketen hipotekak eta langabeziak itota, krisiaren erantzule ez badira ere.

AURREKARIAK.- Planteamendu horren aldeko irizpena eman du Gizarte Ekintza eta Garapenerako Lankidetza Arloko Informazio Batzordeak, 2016ko urtarrilaren 21ean izandako bilkuran.

OINARRIAK.- Apirilaren 2ko 7/85 Legea, apirilaren 18ko 781/86 Errege Dekretua eta azaroaren 28ko 2.568/86 Errege Dekretua. Horietan xedatua kontuan izanik,

UDALBATZA OSOAK HONAKO ERABAKI HAU HARTU DU:

LEHENA.- Erandio “Etxe-kaleratzerik gabeko herri” izendatzea.

BIGARRENA.- Udalak beharrezko diren baliabide eta neurri guztiak erabiliko ditu lehen etxebizitzako kaleratze eta irtenarazteak geldiarazteko eta, behar izanez gero, bizileku bat izateko aukera bermatzeko.

HIRUGARRENA.- Era berean, etxegabetzeak saihesteko jarduera guztiak koordinatuko dituen pertsona edo organismo bat izendatuko du, betiere Kaleratzeak Stop Desahuciosekin eta etxebizitza duin baten eskubidearen alde lan egiten duten gainontzeko elkarteekin lankidetzan jardunez.

LAUGARRENA.- Udalerrian jarduten duten finantza erakundeengana ere joko du fede oneko zordunen kaleratzeak geldiaraz ditzatela eskatzeko, jabetzan dituzten etxebizitza hutsen errolda galdatzeko eta hutsik dauden etxebizitza hauek alokairu sozialeko programa publikoen zerbitzura jar ditzaten eskatzeko. Erantzunik jaso ezean, abian jarri beharreko neurriak aztertuko ditu, besteak beste, finantza erakundearekin lan egiteari uztea.

BOSGARRENA.- Udalak, kaleratze edo irtenarazte baten abisuaren aurrean, finantza edo administrazio erakundearekin bitartekotza egingo du etxegabetzea geldiarazteko, kaltetutako pertsonak bizi duen egoeraren larritasuna aztertuz eta konponbide justu eta egoki bat bilatuz. Etxegabetzea saihestu ezin izan denean, Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu kaltetutako pertsonei arrazoizko prezioan alokairu sozialeko erregimenean berriz ostatu emateko.

SEIGARRENA.- Kaleratzea edo irtenaraztea ekar dezaketen kasu guztien berri eman diezaioten galdegingo die epaitegi eskudunei, bazterketa arriskuan dauden kolektiboak identifikatu, zerbitzu sozialek euren txostena eman eta kolektibo horiei bizileku bat eskaini ahal izateko.

ZAZPIGARRENA.- Alokabidek kudeatzen duen Etxebizitza Publikoen Parkeari dagokionean, Eusko Jaurlaritzari beharrezkoak diren erabaki eta modifikazio legalak burutu ditzan eskatzen dio, Eusko Legebiltzarrak joan den 2014ko apirilaren zazpian etxebizitza publikoen inkilinoei buruz hartutako akordioa betearazteko.

ZORTZIGARRENA.- Udalak konpromisoa hartzen du udalerriko etxebizitza hutsen inbentario bat egiteko lehenbailehen. Horrez gain, Udala gertu dago, baita, bere eskumenekoak liratekeen bestelako neurriak hartzeko ere, hau da, ekainaren 18ko 3/2015 Legeak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko etxebizitza legeak euskal udalei aitortutako eskumenak. Eta Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio etxebizitzaren legean aurreikusitako erregelamendu bidezko arautzeak lehenbailehen argitaratzeko, argitaratu ondoren gauzatu ahal izateko.

BEDERATZIGARRENA.- Alkateak aginpidea izango du erabaki hau betearazteko bidezko diren erabakiak hartzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun