Hamar taldeak multzo bitan banatuko dituzte. Lehenengo ligaxkak Ñapurrak A izango du buru, eta bigarrenak Ibarra. Beste zortzi zortzikoteak zozketa bidez bideratuko dituzte multzo batera zein bestera. Zozketa txapelketaren egunean bertan egingo dute, pisaketaren ondoren.
Multzo bakoitzeko irabazleak beste multzoaren bigarrenaren aurka jardungo du finalerdietan. Era berean, hirugarren eta laugarren taldeek ere dema gurutzatua egingo dute, bosagrren eta zortzigarren postuen artekoak erabakitzeko. Finalerdien garaileek finala jokatuko dute ondoren.
Denboraldiaren amaiera
Erandioko txapelketaren hurrengo egunean bere amaierara helduko da goma gaineko sokatiraren denboraldia. Domekan Laukizen jokatuko da azken lehiaketa, 600 kiloko mistoa, alegia. Bertako probaderoan, launa gizon eta launa emakumezkoek osatutako lau taldek elkarren aurka tiratuko dute, ligaxka formulan. Honako hauek izango dira lehiakideak: Ibarra, Berriozar eta Gaztedi A eta B.
Halere, Euskal Herri mailako denboraldia Laukizen amaituko bada ere, bertako sokatiralariak Holandara bidaiatuko dute, Munduko Txapelketara. Proba hori hainbat kategoriatan izango da, Volendam herrian, otsailaren 18a eta 21a bitartean.