Zabaldutako datuen arabera, lapurrek erabilitako autoak honakoak ziren: Opel Vectra modeloko ibilgailu gorri bat, Derion ostutakoa, eta Opel Astra zuri bat. Auto biak ordu batzuk beranduago topatu zituzten; gorria Bilboko Arabella auzoan zegoen goizeko lehen orduan, eta hainbat kalte zituen: jaurtigaiaren talka eskumako aurreko atean, kolpe bat automobilaren muturrean eta gidariaren ateko sarraila bortxatuta, besteak beste. Barruan, txano bat eta dendako hainbat objektu topatu zituzten. Ordu batzuk beranduago, Opel Astra zuria kiskalita agertu zen Bilboko Peñascal auzoan. Antza, autoa aztarnak desagerrarazteko erre zuten.
Pasa den urtarrilaren 26an, telefonia-denda bera lapurtu zuten hainbat ezezagunek BMW auto bat dendaren aurka botaz; zapatuko berberak, polizien ustez. Orduan, telefono mugikorrak eroan zituzten. Ebasketa hori baino egun batzuk lehenago, beste lapurreta bat izan zen Galdakoko arropa-denda batean, "modus operandi" berdina erabiliz. Markadun arropa eta zapatilak eroan zituzten.