Ganemos Erandio plataformaren eta Ahal Dugu alderdiaren ustez, aparkaleku ezak anabasa sortzen du auzoan. Azaldu dutenez, horren adibidea da egunotan Avanzadaranzko irteeran zegoen arauz kanpoko aparkalekua itxi egin dutela, eta autoa uzteko leku asko galdu direla. Alderdi politiko bien arabera, “arazo hori larriagotuko da, berriz, anbulatorioko aparkalekuak itxiko direnean”. Gogoratu dutenez, leku libreak topatzeko auzokideek eman behar dituzten jira-biretan kutsadura eta zarata handitzen dira, behar barik. Metro-geltokiaren ondoko hala moduzko aparkalekua ere kritikatu dute, “argiztapen zuzena falta zaiolako” eta “lau tanta erortzen direnean, igerileku bihurtzen” delako. Gainera, azpimarratu dutenez, pribatua da, eta gehienez jota, behin-behineko konponbidetzat uler dezakete. Aukera bideragarriak eskatu dizkiote Udal Gobernuari.