Pasa den irailean abiatu zuen Indartu programa Eusko Jaurlaritzak. Horren bidez, industrian lanpostuak sortzeko inbertsio produktiboak erakarri gura zituen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, non eta Europako Batzordeak izendatutako “alde behartsuetan”; horien artean aipatu zuten Erandio. Helburua lortzeko, zortzi milioi euroko laguntza ezarri zuten.
Hala, abenduaren 22an, agortu ziren partidaren funtsak, eta orain dela egun batzuk, Arantxa Tapia sailburuak Indartu programaren balantzea egin zuen. Tapiak azaldu zuenez, Indartuk 89 milioi ekarri ditu inbertsiotan, 10 industria-proiekturen bitartez, eta 426 enplegu berri sortu ditu. Irun, Hernani, Ezkerraldea eta Meatzaldea izan dira, ostera, inbertsio eta lanpostu horiek hartu dituzten udalerri eta eskualdeak.
Lointekentzat, 425.000 euro
Uribe Kostari dagokionez, Urdulizko Lointek enpresak 425.000 euro jaso ditu Lointek Heavy Industries Zierbenako zentrorako, inbertitutakoaren %10; 2015eko maiatzaren 11n aurkeztu zuten planta berria. Zierbenan ekipamenduak ekoizten ditu Lointekek eta inbertsioaren gakoa pabiloi berria Bilboko portutik hurbilago kokatzea izan da, esportazio-ahalmena sendotzeko. Jaurlaritzaren aburuz, 25 lanpostu berri sortu ditu.