E-busaren gaineko balantzea egin dute Udalak eta Auzokoak

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 11a, 20:15

Erandioko herri-autobusa. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udal Gobernuaren arabera, "herri barruko autobus-zer­bitzuak gero eta arrakasta handiagoa du". Baieztapen hori egiteko aldagai bi baliatu ditu Udalak: alde batetik, erabiltzaile-kopuruak gora egin duela, eta, bestetik, erabiltzaileak "zerbitzuagaz pozik" daudela.

Izan ere, azken hori ziurtatzen dute Udalagaz batera zerbitzua ematen duen enpresak aurkeztutako galdeketaren emaitzek. Horren arabera, E-busaz eta zerbitzuaz «iritzi ona» daukate erabiltzaileek: "nota ona eman diete gidariei, eta hori funtsezkoa da eguneroko joan-etorrietarako. Bestalde, pozgarria da autobusak ere erabiltzaileen gustukoak izatea", Udal Gobernuak baloratu duenez. Bus-zerbitzuaren alde on horiek azpimarratu dituzte erabiltzaileek inkesta horretan: gidariekiko harremana, puntualitatea, erosotasuna, irisgarritasuna; hau da, zerbitzu gehiago dituzten auzo nagusietara iristeko erraztasuna, urruneko auzoetan bizi direnentzat; geraleku asko izatea; prezio ona, eta ibilbidea.

Halere, denak ez daude ados. Pasa den udalbatzan, EH Bilduk ahotsa eman zion Erandiogoikoko Auzokoa Herrikoi Elkarteari, eta tarifa bakarra, ibilbide aldaketak eta maiztasun handiagoak eskatu zituen, astegunetan zein aste-akabuetan, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun