Lehendakaria eta arduradunek bidaia egin zuten 950 tren unitate batean, Lutxana-Lezama linean. Etorkizunean, CAF enpresak egindako tren horiek Metro Bilbaoren 3. linean ere ibiliko dira.
Hala, Euskotrenen trenbideak “Lezamatik Hendaiara bitartean etenik gabeko osotasuna” izango duela azpimarratu zuen Urkulluk. Era berean, bere ustez, “Eusko Jaurlaritzak trenbideen alde egindako apustuak Europako abangoardian dauden kalitate-, segurtasun- eta elkarreragintasun-estandar batzuakaz beteko du Euskal Trenbide Sareak kudeatutako trenbide-sare berezkoaren garapena". Urkulluk azaldu zuenez, "geure trenbide-sarean egindako inbertsioaren erakusgarri da, adibidez, Metroaren 3. linea, zeinak Txorierri Bilboko hiriguneagaz lotuko baitu, eta Lezamatik Hendaiarainoko sareari jarraitutasuna emango baitio. Baita Donostiako metro-igarobidea (Metro Donostialdea): berori eraikitzeko proiektua jada lizitatu da eta, lehen urrats gisa, nabarmengarria da Topoaren Altzako sarbidea zerbitzu ematen hasiko dela”.
Daborduko Lutxanan erabil daitezkeen trenak erosoagoak dira, Ana Oregi sailburuaren aburuz. Unitate bakoitza hiru kotxez osatuta dago: bi bagoi motor eta gidatzeko kabina banaz, eta tarteko kotxe bat, atoi moduan. Lau kotxeraino ere heda daiteke, hiru kotxeen hasierako prestaziorik galdu gabe. Guztira, 296 bidariari eroan ahal izan dituzte; horietatik 94, eserita. Eserlekuak antibandalikoak dira, Eusko Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez: “ergonomikoak, erosoak eta buru-euskarridunak. Horrez gain, diseinua optimizatu da, segurtasun-eskakizunei erantzun emateko eta hala aurreko eragin kasuan ondorioak gutxitzeko. Talken aurkako beira batek ikusbide eta babes handiagoa eskaintzen dizkio gidatzen duenari. Ateek harrapatzeen aurkako segurtasun-funtzio bat dute”.
Denera tren berriaren 28 unitate prest izango ditu CAFek hemendik eta 2019ra arte. Lehenengo trena pasa den azaroan entregatu zuten eta daborduko segurtasun proba denak pasa ditu.