Altzagako jubilatuen elkarteak kudeatuko du BBKren lokala

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 22a, 17:35

Altzaga-Erandio Nagusien Elkarteko behin-behineko batzordeko hainbat kide.

Altzagako Jose Luis Goiaga kaleko 22. zenbakian BBK-k duen lokala bertako jubilatuen elkarteak kudeatuko du laster, Joseba Goikouria Erandioko alkateak baieztatu duenez. Horretarako, aurreakordio batera heldu ziren pasa den barikuan Udala eta finantza-erakundea. Aurrezki-kutxak udal erakundearen esku utzi du lokalaren erabilpena eta, trukean, azken horrek, mantentze eta jardute gastuez arduratuko da. Ekimena abian ipini aurretik talde politikoei eta Altzagako Nagusien Elkarteari aurkeztuko diete akordioaren zirriborroa eta onartuz gero, hiru hitzarmen sinatuko dituzte, BBK, Udala eta Altzagako jubilatuen elkartearen artean.

Erandioko alkatearen aburuz, Altzagako jubilatuak "lasai" egon daitezke, orain arte erabili izan duten itsasadarraren aurreko lokala erabiltzen jarraitu ahal izatea beharrezko lana egiten dihardutelako. Gainera, agindu du zentroa "eurek kudeatuko dutela" eta Udalaren aldetik laguntza eta babesa izango dutela. Izan ere, Udalak "zahartze aktiboa eta osasuntsua bultzatzeko ekimenen" baitan kokatu du aipatu hitzarmena. 
Erandioko Udalarentzat "funtsezkoa da nagusiak eurak izatea zentroan egingo diren ekintzak diseinatu eta antolatuko dituztenak, jakinda Udalaren laguntza izango dutela".

Pasa den martxoan sortu zen Altzaga-Erandio Nagusien Elkartea, ikusita BBK lokaleko jarduerak "kentzen" zebilela. Hilabete biren bueltan, 200 lagun baino gehiago ziren. Lehenengo unetik erronka nagusitzat jo zuten Udala edota kutxagaz uzte-hitzarmena lotzea. Orain dela bederatzi hilabete HIRUKAri emandako elkarrizketan, argi utzi zuten baikorrak zirela: "udalaren babesa daukagu (...). Ez da arazorik izango".

Astrabuduan, bigarren lokala

Joseba Goikouriak gogoratu duenaz, BBKgaz lortutako aurreakordioa ez da berria. Orain dela hiru urte, antzeko hitzarmena lortu zuten BBKgaz, Astrabuduko jubilatuek bertan euren jarduerak burutzeko. Hain zuzen ere, egunotan lokal berriaren hirugarren urteurrena ospatu dute erretiratu astrabuduarrek. Daborduko 800 bazkide baino gehiago dira. Arrakastaren ondorioz, lokala handitzeko edo jarduera batzuk gertuko beste lokalen batera eroateko aukera aztertzen ibili dira Erandioko Udala eta Jubilatuen Elkartea, lokala txiki geratu zaielako. Lokal berri hori dinamizatzeko laguntza eskaini die Udalak, leku faltak eragindako arazoak leunduko dituelakoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun