Iazko urriko Udalbatzan iragarri legez, daborduko legegintzaldirako plana aurkeztu dute Joseba Goikouria alkate jeltzaleak eta Elena Perez zinegotzi sozialistak, Erandioko Udal Gobernuaren izenean. Perez “oso pozik” agertu da egindako ahaleginagatik, “lehenengo aldia” baita Erandion horrelako txosten bat egiten dena. Bere ustean, “oinarrizko gakoa izan zen hori, gobernu-ituna idaztean: gardentasuna eta parte-hartzea”. Berak zein Goikouriak azpimarratu dutenez, planari esker auzokideek, langileek eta oposizioko zinegotziek Udal Gobernuak darabiltzan planak, epeak eta aurrekontuak hobeto ezagutzeko aukera izango dute. “Gerora ere, kontuak ematea ere erraztuko du: ea zer egin dugun eta zer ez, fiskalizazio-lanak erraztuko ditu”, agintarien esanetan.
Goikouriak argitu duenez, udal teknikarien, politikarien eta kontratatutako enpresaren ahaleginari esker egin da plana; 6.000 euroko kostua izan du.
Euskararen sustapena
2019ra arte ezarritako helburuen eta ekintzen artean, garrantzitsuenetako bat da Herritarrentzako Arreta Zerbitzua sortzea eta martxan jartzea. Horrek langileak formatzeko beharra ere ekarriko du. Hala ere, zerbitzu berrian moldatzeko ez ezik, Goikouriak agindu du “euskara-maila hobetzeko formakuntza” ere izango dutela udal beharginek. Ez da euskaragaz lotutako puntu bakarra. “Herriko kaleetan euskara erabil dadin sustatzea” jo du helburutzat plangintzak, eta hori gauzatzeko tresnak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana eta Erabilera Plana izango dira. Azkenik, Euskararen Aholkulari Batzordea berreskuratuko da, bost urtez batu barik izan ostean.