Sare Antifaxistak gogora ekarri duenez, Solchaga "Rif eta Asturiaseko matxinadetako errepresore odoltsuenetako bat izan zen, eta baita Nafarroako Brigadetako buruzagia". Altsasu Memoria kolektiboak Santoñako fusilamenduen ardura egotzi dio militar nafarrari.
Hala, Jose Soichaga Zala jeneralaren oinordekoek diruagatik trukatuko dituzte kolpe militarrean eta ondorengo 1936ko gerran parte hartzeagatik eman zizkioten kondekorazioak eta opariak, enkantean. Izan ere, enkantea jeneralaren iloba bakarra hil eta hilabete batzuetara izango da. Ladislao Maria Zabala Solchaga Batallon Vasco Español eta Triple A talde terroristek Urnieta, Hernani eta Andoain arteko "Heriotz-triangeluan" egindako zazpi hilketagatik zigortu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak 231 urteko espetxe-zigorra jarri zion, baina 11 besterik ez zituen bete. Zabala iaz zendu zen.
Jose Solchaga Zala militar karlistaren gauzen artean baliotsuena bere egunkaria ei da; enkante enpresak 20.000 euroan baloratu ditu lau liburukiak. Bertan, idatzia eta marraztua utzi du Estatu-kolpean 1936 eta 1939 bitartean izan zuen esku-hartzea, operazio militarren berri emanez, tartean Uribe Kostako okupazioarena. 12.000 euro balio omen dituzte San Hermenegildoren Errege Ordena Militarrak emandako Gurutze Nagusiaren urre eta brillantezko plaka, domina eta intsignia.
Bilboko urrezko domina
Hirugarren objekturik karuena da Jose Maria Areilza alkate frankistak zuzendutako Bilboko Udalak 1938ko otsailaren 5ean eman zion urrezko domina, 9.000 euroko irteera-prezioa duena. 2001ean, Bilboko Udalbatzak baliogabetu zuen ohore hori. EH Bilduk pieza hori enkantera ateratzea salatu du eta Udalari eskatu dio enkantea geldiarazteko eta dominaren itzulketa eskatzeko.
Aitziber Ibaibarriaga Bilboko EH Bilduren bozeramaileak "berehala jardutea" exijitu dio udal gobernuari, enkantea geldiaraz dezala eta 2001ean indargabetutako domina hura berreskura dezala. "Ezin dugu eskuak gurutzatuta eta albora begira geratu. Domina horiek Bilboko herriarenak dira, legez kanpokoak, udal ilegitimo eta antidemokratiko batek eman zituenak", azpimarratu du Ibaibarriagak. Era berean, "herriari lapurtutako eta odolez zikindutako" domina horiekaz negozioa egin nahi izatea "frankismoaren milaka biktimekiko iseka, irain eta mespretxu" argia dela adierazi du.
Era berean, EH Bilduko bozeramaileak Juan Maria Aburtoren gobernuari eskatu dio "lehenbailehen bidal diezaien ofizio bat frankismo garaian emandako eta 2001eko eta 2015eko Udalbatzarretan indargabetutako domina eta ohore guztien titular, ondorengo edo jaraunsleei, jasotakoa Udalari itzul diezaioten exijituz".
Beste objektuak
Martitzenean enkantera aterako diren 492 gauzen artean, Solchaga jeneralaren honako beste objektu hauek ere badaude:
- Legion Condorrek emandako brontzezko oroigarria, kanoi antiaereoaren irudiagaz.
- Mussolinik emandako zilarrezko domina.
- Gipuzkoako Diputazioak eskainitako carey eta urrezko aginte-makila.
- Gijongo Udalak oparitutako carey, brillante, urre eta errubizko aginte-makila.
- Lacarreko Tertzio erreketearen 1. konpainiaren kapitainak emandako ilustrazioa.
- 1949an Solchaga erreserbara pasatu zenean IV Eskualde Militarreko jeneralek, buruzagiek eta ofizialeek oparitutako oroigarria.
- Garraioetako jarduneko zuzendari nagusiak oparitutako oroigarria: Chevrolet kamioi baten maketa.
- Italiako Errepublikaren Meritu Ordenaren intsignia eta oroigarria.
- Italiako Koroaren Ordenaren oroigarria.
- Kanpainako merituagatik emandako zilar eta brillantezko norbanako domina.
- Kanpainako merituagatik emandako domina kolektiboa.
- Solchaga jeneralaren banda.
- Solchaga jeneralaren sablea.
Solchagaren objektuak ez ezik, enkantera ipiniko dituzte Felipe Jose Abarzuza Itsas Armadako ministro frankista izandakoaren kapela, aginte-makila, galoiak eta txarratelak.
Jose Solchagaren erretratua
Jose Solchaga jenerala, ezkerrean, Emilio Molagaz, Eibarren. FORO MARIN - EIBARKO UDAL ARTXIBOA