Jose Solchaga Zala militar karlistaren gauzen artean enkantera atera den baliotsuena bere egunkaria ei da; enkante enpresak 20.000 euroan baloratu ditu lau liburukiak. Bertan, idatzia eta marraztua utzi zuen Estatu-kolpean 1936 eta 1939 bitartean izan zuen esku-hartzea, hasieran Emilio Molaren agindupean eta ondoren Fidel Davila jeneralaren zerbitzura. Operazio militar horien artean dago 1937ko ekainaren 14a eta 18a bitartean burutu zuen Uribe Kostako okupazioa.
Hori eta beste 14 objektu gehiago enkantera ateratzeko erabakia justifikatzen ahalegindu zen atzo Erandioko enpresa, ohar batez. Testuan adierazi zuten euren lana dela "ideologia gorabehera, gure euskal kulturarako interesa eduki lezaketen margo, eskultura, altzari eta bestelako objektuak sailkatu, mantendu eta partekatzea".
EH Bilduren salaketa
Lander Etxebarria EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuenez, "asko pozten gaitu salmenta bertan behera geratzeak. Enpresak ulertu du zein zen egoera eta asko baloratzen dugu eman duen urratsa. Ezin dugu gauza bera [Bilboko] gobernu taldeaz esan. Hainbat aldiz eskatu diogu salmenta gelditzeko, baina ez dute inolako urratsik eman". Etxebarriak 1938an emandako eta 2001ean balio barik utzitako dominaz jardun zuen: "Orain bilbotarrena den domina hori berreskuratzea eskatzen diegu EAJ eta PSE-EEri".
Elkarretaratzearen aurretik, EH Bilduk fiskaltzara jotzea erabaki zuen. Fiskaltzari bidalitako idatzian salatu zuenez, objektu horiek ez omen zituzten euren balio ekonomiko edo artistikoagatik saltzera ipini. Koalizio abertzalearen iritziz, "Errepublikaren kontrako altxamendu militarraren buruzagietako bat goratuz eta erakundeen emandako sariak izan zirela azpimarratuz" saldu gura zituzten objektuak. Koalizioa salmenta gelditzen ahalegindu zen, Memoria Historikoaren Legearen 15. artikulua urratzen zuela argudiatuta. Hori, oraingoz, ez da beharrezkoa izan. Enkante-etxeak ulertu egin zuen zein den egoera eta salmentak zer suposatu dezakeen eta bertan behera uztea erabaki dute. EH Bilduk behin eta berriz salatu du salmenta horrek frankismoaren biktimentzat suposatzen zuen iraina.
Edu Gonzalez Lau Haizetara memoriaren aldeko taldeko eta Sare Antifaxistako kideak positibotzat jo zuen mobilizazioak Bilbo urrezko dominaren enkantea geratu izana. Halere, azpimarratu zuen arazoa 2007ko Memoria Historikoaren Legean datzala, horrelako objektuakaz negozioa egitea ahalbidetzen baitu: "Alemanian debekatuta dago nazismoagaz edo holokaustoagaz lotutako objektuakaz inolako negozio egitea. 2007an, talde politikoek gai hori alboratu zuten eta orain horrelakoak gertatzen dira", azaldu zuen.