Dokumentalaren ostean, Erika Bilbaok berak eta Olatz Barrenetxea Larrondo psikologo sopeloztarrak mintzatuko dira, Hegoalde elkarteak antolatutako ekimenean. Gonbidapena eskuratzeko, whatsapp-mezua bidal daiteke 696 623 514 telefonora.
Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen Erika Bilbao (2012ko uztailaren 25ean atera zen espetxetik) eta beste zortzi euskal herritar. Polizien eskuetan bost egun egin zituzten inkomunikazio egoeran; "tortura basatiak" salatu zituzten denak. Hain zuzen ere, torturak pertsonarengan daukan eragina dauka oinarritzat biharko dokumentala: Olatz Barrenetxea Larrondo psikologo sopeloztarrak horretaz berba egiten du ikus-entzunezkoan eta Erika Bilbao bera elkarrizketatzen du horren inguruan. Bilbaoren psikologoa da Barrenetxea.
Hain zuzen ere, auzipetuek egindako tortura salaketek esangura handia edukiko dute maiatzaren 17an abiatuko den epaiketan, Sopelako psikologoak adierazi duenez; "torturen bitartez, euren buruen kontra egindako zein gainontzeko atxilotuek kontrako erruztapenetan oinarrituta daude akusazioak", Barrenetxeak dioenez.