Abaroak kaltetutakoek etxea izan dezaten 400 etxebizitza egingo dituzte Altzagan

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 7a, 10:28

Altzaga kiroldegiaren ondoko Tartanga lur-saila.

Pasa den otsailaren 25ean, Erandioko Udalbatzak behin betiko onartu zuen Tartanga-Kiroldegia eremuari dagokion Udal Planeamendu Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala. Horren atzean daude Azpiegiturak foru-enpresak altxatuko dituen babes ofizialeko 400 etxebizitzak.

Eremu horretako 17.000 bat metro koadro gako nagusia dira horretan, Erandioko Udalak 2010ean Azpiegiturakegaz hitzartu baitzuen hori. Etxe horien salmentaz finantzatuko dute Abaroak kaltetutako 67 familien birkokapena; izan ere, 2007an, etxe barik utzi zituzten Altzagako Ibarra eta Antxon Fernandez kaleetako zein San Agustin plazako auzokide horiek.

Egoitz Bilbao Hirigintza zinegotziaren aburuz, operazio horren aurka bozkatzea auzokideen sufrimenduagaz jolastea da. Gaineratu zuenez, "kontran bozkatzea edo abstenitzea 7.052 metroko lorategiei ezetz esatea da", baita 16.257 hornidura-metro, 402 zuhaitz eta 913 parking-lekuri ere, "haietako 255, publikoak". Jeltzaleak esan zuen Udalak 3.850 metro koadro irabaziko dituela behar bereziak dituzten kolekti­boentzako erresidentzia-gunerako.

EH Bilduk, ordea, salatu zuen etxebizitza-kopuru hori ez dela behar, non eta Altzagan balizko eremu berde bakar izan dezakeen gune horretan. Era berean, Joseba Goikouria alkateari galdetu zioten ea hori den "EAJren apustu politikoa". Goikouriak auzokideei emandako hitza beteko duela erantzun zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun