Kanpomartxoren 23. edizioan berritasun nagusi bi izango dira. Alde batetik, festaren protagonista euskara dela bermatzeko, parte-hartzaile denei horretarako konpromisoa eskatu diete antolatzaileek; era berean, dinamizatzaileak ibiliko dira dorretxearen inguruko larreetan, "euskararen erabilera areagotzeko", Berbotseko kideek azaldu dutenez.
Beste aldetik, domekan Goierrin trafiko arazorik izan ez dadin, bitartekoak ipini dituzte. Kanpomartxora hurbilduko direnek ez dute bertan autoa uzterik izango, ez baitago denentzako lekurik. Halere, gauzak uzteko bakarrik, Martiartura autoz hurreratzeko aukera izango dute; gero autoa atera beharko dute, Elorduy tabernaren zein campuseko parkingetan aparkatzeko. Unibertsitatetik Martiarturaino busa egongo da 20 minuturik behin. Gainera, Erandiobusak zerbitzu bereziak egingo ditu, eta Berbotsek ere autobus propioa ipiniko du egun horretan. Hala, Astrabudutik orduero, eta Altzagatik 50 minutuan behin izango dira irteerak.
Festa goizeko 11:00etan hasiko da, eta egitarauko ekimenez gainera, gozagai izango dira umeentzako puzgarriak, arku-jaurtiketa, jokoak, ezustekoak, taloak, paella, musika eta jan-edanak. Urtero legez, zahatoa zozkatuko dute. Paellarako txartelak, ordea, bertan salduko dituzte, ume eta Berbotskideei 5 euroan eta bestelakoei 10 euroan.
Egitaraua
11:00 Erandioko Musika Eskolako trikitilariak.
12:00 Dantza-alardea Goi-Alde, Trabudu eta Uztargi taldeakaz.
13:00 Mendibaiarte abesbatza.
13:30 Bertso-saioa: Xabier Amuriza eta Oihana Bartra.
15:00 Herri-bazkaria.
16:00 Bazkalostekoa: Roberto Etxebarria eta Kantagunea.
17:00 Kuadrillen arteko herri-kirolak.
17:00 Mugi-mugi umeentzako erromeria, Sudurkeria taldeagaz.
18:00 Dantzaldia Luhartz taldeagaz.