Erandioztar bat deitu dute Auzitegi Nazionalean deklaratzera

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 22a, 16:00

Gaurko prentsaurrekoa eten dute ertzainek.

Gaur zortzi, martxoaren 29an, erandioztar bat eta beste bost euskal herritar deklaratzera deitu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalaren magistratuek. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gaur goizean Bilbon jakinarazi duenez, sei auziperatuak "amnistiaren aldeko militanteak" dira eta Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkari "faxistak" eta APAVT "elkarte ultraeskuindarrak" ipini dituzte haien aurkako salaketak, 2015eko abuztuan Bilbon egin zen amnistiaren aldeko manifestazioan "terrorismoari gorazarrea egin geniola leporatuta".

Ziortza Fernandez eta Sendoa Jurado bozeramaileek iragarri dutenez, "osasun arazoak dituzten gure kide bi salbu, gainontzekook ez gara deklaratzera aurkeztuko", erandioztarra tartean, epaitegiari desobedientzia eginez.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu egin du Polizia ezberdinek euren militanteak jazartzen dituztela. Haien ustez, "Estatu espainolak amnistiaren aldeko aldarria poliziaren bitartez baldintzatu egin nahi du askatasunaren aldeko borroka guztiak baldintzatzen saiatzen den bezala".

Gaurko prentsaurrekoa bukatzear zegoenean, dozena bat ertzain gerturatu da. Poliziek hainbat lagun identifikatu dituzte.

Era berean, uko egin dute "biktimaren papera" hartu gura dutenik eta apirilaren 2an Bilboko Errekalde auzoan amnistiaren alde egingo duten jardunaldira joateko deia egin dute. Bestalde, Uribe Kostan, oraingoz, ez dute mobilizaziorik deituko auziperatzeen inguruan.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren oharra

Osasun arazoak dituzten gure bi kideak salbu, gainontzekook ez gara deklaratzera aurkeztuko

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendutik salatu egin nahi dugu gure hainbat kidek azken hilabeteetan pairatzen duten jazarpen poliziala. Ohikoa bihurtu da kalez jantzitako poliziek amnistiaren aldeko militanteen atzetik edonora joatea: lanera, kiroldegira, lagunekin doazenean…

Estatu espainolak amnistiaren aldeko aldarria Poliziaren bitartez baldintzatu egin nahi du askatasunaren aldeko borroka guztiak baldintzatzen saiatzen den bezala. Hauxe da estatu espainolak bilatzen duen normalizazio politiko bakarra: iritzi, biltze eta adierazpen askatasunak zanpatzea normal bihurtzen dituena. Hauxe da estatu espainolak Euskal langileriari eskaintzen dion elkarbizitza eta bake bakarra, errepresioarena alegia.

Jarraipen polizial hauekin batera, salatu egin nahi dugu gure mugimenduko sei kideri martxoaren 29an Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera agertzeko helarazi diguten zitazioa eta gure aurka irekitako prozedura, 2015eko abuztuan Bilboko kaleak zeharkatu zituen amnistiaren aldeko manifestazioan “terrorismoari gorazarrea” egin geniola leporatuta.

Gogora ekarri nahi dugu epaitegi hori Frankismoko Tribunal de Orden Publico horren oinordekoa dela, disidente politikoei "etsaiaren justizia" aplikatzeko bereziki sortutako organoa. Epaitegi horren aurretik milaka pertsona torturatu berri pasatu dira espetxeratuak izan aurretik. Epaitegi horrek Estatu-terrorismoa onartu eta babestu egin du. Epaitegi horri berdin zaio bere aurretik pasatzen dena txiolaria ala titiriteroa den, Kurdistanekin ala Donbass-ekin solidarioa den, bere zeregina sistemari aurre egiten dion ahalik eta militante gehien zigortzea baita. Bere zeregina legedi faxista inposatzea da Euskal Herriaren aurkako zapalkuntza nazional eta soziala mantentzeko.

Oraingoan deklaratzera deitzen gaituzte Carlos Urquijo Gobernu ordezkari faxistak eta APAVT elkarte ultraeskuindarrak hala eskatuta, "biktimen umiliazioa" aitzakia moduan jarrita, eta aitzakia diogu euren benetako helburua ez delako inoren memoria defendatzea, herri honetan gertatu eta gertatzen denarekiko kontaketa desitxuratua indarraren bitartez inposatzea baizik.

Horren aurrean eta aipatutako arrazoiengatik, espainiar legediari eta epaitegi faxista honi zilegitasunik ez ematea ezinbestekoa dela deritzogu. Ez diogu ez gu ez Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka epaitzeko zilegitasunik onartzen. Hori dela eta, osasun arazoak dituzten gure bi kideak salbu, gainontzekook ez gara deklaratzera aurkeztuko desobedientzia jarrera hartuta. Era berean, gaurko helburu nagusia ez da biktimaren papera hartzea ezta negar egitea inori pena emateko. Gaurko helburua borrokaren gorazarrea egitea eta ez gaituztela geldituko argi eta garbi adieraztea da. Amnistia lortzeko antolatzen den herria ordezkatzen dugu, errepresaliatu guztiak baldintzarik gabe libre nahi ditugulako eta lapurtzen, etxe gabe uzten eta umiliatzen gaituen sistema kapitalistaren aurrean, herri honen independentzia eta sozialismoa gauzagarri bihurtzearen alde borroka egiteagatik inor zigortzea ez dugulako onartzen. Erasoak eraso bide horretan lanean tinko jarraituko dugu eta horren froga apirilaren 2an Errekalden burutuko dugun Amnistia Eguna eta manifestazioa izango dira, eta eraso hauei ekimen hauetan parte hartzen erantzun dezan dei egiten diogu Euskal Herriari.

Oztopo guztien gainetik, amnistia aurrera!

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun