Adineko andra bakarrik bizi zen eta auzokideek hainbat egun ikusi barik pasa ostean, ikusita ez zituela deiak erantzuten eta usain txarrak nabaritu ondoren, eman zuten alerta.
Suhiltzaileak sukaldean etzanda topatu zuten, buruan kolpe bat zeukala, antza egun batzuk lehenago erorketa batek eraginda. Osasun-zerbitzuetako langileek ezin izan zuten ezer egin heriotza ekiditeko.
Udalaren azalpenak
Elena Perez Erandioko Gizarte Ekintza zinegotzi sozialistak azaldu duenez, Udalak emakumea abandonaturik bizi zela jakin izan zuen orain dela hilabete bat, auzokideek "etsita" udaletxera jo zutenean, andraren etxeari "kiratsa" zeriolako eta "baldintza egokietan bizi ez" zelako.
Horren ondorioz, Udalak gizarte-langile bi bidali zituen emakumearengana baina berak ez zien pasatzen utzi eta "erabateko ezetza" eman zion beharginak entzuteari, eskainitako laguntza ukatzeagaz batera. Horren aurrean, "boluntarioki ez bada" eta "agindu judizialik ez badago" Udalak ezin duela esku-hartzerik egin argitu du Perezek. Horregatik Udaletik Fiskaltzagaz harremanetan ipini ziren, emakumea ezgaitzeko prozesua abia zezan edo etxebizitzan sartzeko agindua lortzeko ahalegina egiteko.
Perezek "tristezia handia" agertu du aipatu epai-prozedura bideratzeko denborarik ez delako izan eta "ezgaitze prozesuak geldoak" direla onartu du. Atzo bertan, Udalak diligentzia bat jaso zuen epaitegitik, kasuaz informazio gehiago eman zezan. Zinegotziak berba onak izan ditu Juaneneko auzokideentzat, andra nagusiari "begira zeudelako" eta "hainbatetan laguntzen saiatu zirelako", "baina berak ez zuen lagundua izan gura", ez auzokideengatik ezta gizarte-langileengatik ere. Udalak eskaini zituen baliabideen artean daude telelaguntza-zerbitzua eta etxez etxeko laguntza etxebizitza garbitzeko. Halere, ez zuen ezer onartu, Perezek gogora ekarri duenez. Azkenik, Gizarte Zerbitzuetako beharginak andraren medikuagaz harremanetan ipini ziren, "baina berak ia ez zeukan bere daturik, emakumea ez baitzihoan medikuarengana".