Elena Perez alkateordeak adierazi zuenez, «premiazkoa da ehunka mila errefuxiatuk bizi duten egoera larriari erantzun humanitarioa ematea». Horregatik, Europar Batasunari (EB) eta estatu-kideei horretarako bitartekoak jartzeko eskatu diete. Gainera, Turkiagaz sinatutako ituna errefusatu egin dute, Siriatik ihes egindako zein beste lekuetako errefuxiatuak Turkiara kanporatzeko helburu duela iritzita.
Mozioaren arabera, nazioarteko asilo-eskubideagaz eta giza eskubideakaz bateraezina da hitzarmen hori. Hala, Erandiok bat egin du Europa osoko hamaika sindikatu, alderdi eta eragile sozialek sinatutako «Bide segurua» manifestuagaz. Perezek gogora ekarri zuenez, "erresoluzioak eta hitzarmenak egin arren, EBk Greziatik birkokatuko zituen 66.400 errefuxiatuetatik 325 baino ez ditu birkokatu". Espainiak 18 errefuxiatu bakarrik hartu ditu.
"Hobetu ez, eta egoerak txarrera egin du. NBEk ematen dituen datuak beldurgarriak dira; egunero ikusten ditugun irudiek ezin gaituzte sorgor utzi. Ezin diogu giza sufrimenduari bizkarra eman", esan zuen Perezek.