Erandioko Musika Eskola 25. urteurrena ospatzen dabil

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 14a, 16:49

Erandioko Musika Eskolako ikasle bat, tronpetaz praktikatzen. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Musika Eskolak zilar-ezteiak bete ditu, 1991n hartu baitzuen Erandioko Musika Elkartearen lekukoa melomania bultzatu eta musika-ikasketak eskaintzeko. Gaur goizean, Erandioko Musika Eskolako Bandaren ikasleek kalejira egin dute Altzagako kaleetatik.

Egunotan Erandioko Musika Eskola bere 25 urte luzeak ospatzen dabil, bertako lagunek hoberen dakiten moduan, doinu eta erritmo bizien bidez. 1988-89 ikasturtean abiatu zen musikaren irakaskuntza Erandion, Erandioko Musika Elkartearen ekimenez.

Hiru urte beranduago, Udalak ardura hori hartu, eta 1991-1992an egungo musika-eskola sortu zuen. Udal arduradunak pozik daude egindako lanagaz: "urteetako lan eta ahaleginari esker, Erandioko Udal Musika Eskola Udalaren heziketa-eskaintzarik garrantzitsuenetako bat da. Kalitatezko musika-hezkuntza ematen du modu ludiko batean".

Gaur egun, Eskolak zentro bana dauka Altzagan eta Astrabuduan, eta, denera, lau urtetik gorako 350 bat ikasle dauzka, hiru multzotan banatuta: 4 eta 6 urte bitartekoak, 7 urtetik gorako neska-mutilak, eta helduak. Udal iturriek azpimarratu dutenez, musika-formakuntzak umeei eta gazteei "pentsamendu logikoa, hausnarketa-ahalmena eta autoestimua" garatzen laguntzen die. Eskolan ez ezik, ikasleek udalerriko elkarteetako hainbat jardueratan ere parte hartzen dute, musika kalera ateraz, berbarako Gabonetan, Euskararen Egunean, Korrikan, eta abar. 25. urteurreneko ekitaldiakaz batera, datorren ikasturterako izen-ematea zabaldu du Eskolak. Hilaren 22ra arte egongo da epea irekita.

Egitaraua

Apirilak 16, zapatua

  • 13:00 Erandioko Musika Eskolako Bandaren ikasleen kalejira Altzagako kaleetatik.
  • 18:30 Erandioko Musika Eskolako Bandaren ikasleen eta Gasteizko Vedrunaren kontzertua Josu Murueta kultur etxeko areto nagusian.

Apirilak 21, eguena

  • 19:00 Deep Brass Quartet Musikeneko ikasleen metal-laukotea, azoka zaharrean.

Apirilak 22, barikua

  • 19:00 Barakaldoko Kontserbatorioko Orkestraren eta Erandioko Musika Eskolako akordeoi-orkestraren kontzertua, Muruetan.

Apirilak 24, domeka

  • 12:00 Hamaikasax haize-taldearen kontzertua Erandiogoikoko elizan.

Apirilak 25, astelehena

  • 19:00 eta 20:00 Masterclass: gitarra klasikoa Josu Murueta kultur etxeko areto nagusian.

Apirilak 27, eguaztena

  • 19:00 Abreu hari-laukoteren kontzertua Altzagako azoka zaharrean.

Apirilak 28, eguena

  • 19:00 Erandioko Musika Eskolako ikasle ohien kontzertua Josu Murueta kultur etxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun