Akarlandako mountain-bike saria izango da domekan

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 22a, 13:30

Akarlandako sariaren artxiboko irudia. © UNION CICLISTA ERANDIO

Domeka honetan, apirilak 24, jokatuko da Erandioko Udalaren XI. Mountain Bike Sari Nagusia, Union Ciclista Erandio txirrindularitza-elkarteak antolatuta. Proba sortu zenetik egin dutenez, aurton ere Akarlandako parkean egingo da lasterketa. Goizeko 10:30etik aurrera abiatuko da Euskadiko Openeko aurtengo laugarren proba hori.

Zirkuitua “hanka-hausletzat” jo izan da askotan, une batez ere txirrindulariei atseden hartzen uzten ez dieten gorako eta beherako aldapa handiak dituelako. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “gogortasuna eta inguru pribilegiatua direla-eta, zirkuitua Euskadiko Openeko onenetarikoa da, edo ikusgarrienetakoa, behinik behin”. Zirkuituak sei kilometro ditu, 250 metroko desnibelagaz.

Berari bost bira eman beharko dizkiote elite zein 23 urte azpiko kategorietakoek. Master 30ekoek, ordea, lau aldiz bete beharko dute aipatu ibilbidea. Emakumezkoek, Master 40 eta gazte-kategorietakoek hiru bira emango dizkiote Akarlandako zirkuituari. Azkenik, kadeteek bira bi besterik ez dituzte emango. Helmugan, kategoria bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuak 13:30etik aurrera agertuko dira sari-emanaldirako.

Domekan, Andoni Jimenez Union Ciclista Erandio taldeko txirrindulariari adi jarraitu beharko zaio. Master 40 kategoriako sailkapen nagusian hirugarren doa Jimenez, 115 puntugaz. Aurretik, Oiartzungo Bike taldeko partaide bi dauzka, 39 eta 45 puntura. Hori ez da izango bertokoek Akarlandan izango duten norgehiagoka bakarra: elite, 23 urte azpiko eta Master 30 kategoriatako taldeetako sailkapenean ere erandioztarrek lehia bizia dute, kasu honetan Enkarterriko txirrindularitza-klubagaz. Orain arteko proben ostean, autrigoiek podiumeko hirugarren postua daukate. UCEkoak puntu bakar batera daude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun