Zapatuan hasiko da jaialdia, goizeko 10:00etan, Gurariko txistularien kalejiragaz, eta Goikolanda ikastetxeko gimnasioan azokatxoa zabalduko dute. Bertan, salgai izango dira elkarteko eskulan-taldeak sortutako objektuak. Azoka zabalik egongo da 20:00ak arte. Domeka goizean ere izango da erosteko aukera.
Goiz berean haur-jolasak ere izango dira, eta, egun osoan, "Erandio atzo eta gaur" argazki-erakusketa ipiniko du Takolos irrati-klubak. 14:30ak aldera hasiko da herri-bazkaria; bertan argazkiak atera, eta arrastian emango dituzte. Bazkari-txartelak 15 euroan eros daitezke; umeenak, 10 euroan. Ostean, bingoa eta mus-txapelketa izango dira. 19:00etan, karaokea hasiko da, eta Basaki musika-taldeak kontzertua emango du 00:30ean.