Takolos irrati-klubak "4 erronka, 4 kausa" elkartasunezko putxera-erronken emaitza jakinarazi die herritarrei. Egindako lau ekimenen bitartez, astrabuduarrek honako dohaintzak egin dituzte, denera: 1.849,03 euro, loteria dezimo bat, eta 15 kilo indaba.
Caritasi 391,81 euro eta loteria dezimoa egokitu zitzaizkion, Takolosek Coppi tabernako lagunen aurka jokatutako eltzekadan. Eguzkilore tabernaren aurkako indaba-erronkan, 428,77 euro lortu zituzten, Down elkarteari emateko. Astrabuduako Futbol Taldearen erronkan batu zen diru gehien: 572,05 euro, Ulertuz elkartearentzat. Azkenik, Goitikogaz egindako saioan, 456,40 euro eta 15 kilo indaba eman zizkioten elikagai-bankuari.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.