Asuako urak garbitzeko maiatzaren 22an ipini dute hitzordua, goizeko 11:00etan, Lutxana Arraun Elkartearen pabiloian. Bertan, taldetan banandu, eta kanoak erabiliz uretan eta hertzeetan dauden hondakinak kenduko dituzte. Zaborra sailkatu ondoren jasotakoa pisatuko dute, 13:30etan hondakin-edukiontzietan sartu aurretik.
Parte hartzaileentzat ekintza doakoa izango da, eta Aztertu programa arduratuko da beharrezkoa izango den material guztia eramateaz: kanoak, eskularruak, poltsak, ontziak, eta abar. Aztertuko arduradunen ustez, "esperientzia polita" izango da, "ingurumenaren alde lan egin eta igande goiz paregabea pasatzeko". Ekimena RK Abenturak eta Erandioko Udalak lagunduko dute.
Izen-ematea daborduko egin daiteke aztertu@euskadi.eus posta elektronikora idatziz edo 902 160 138 telefono-zenbakira deituz egin daiteke, honako datuak emanda: kontaktu baten izen eta telefonoa eta parte hartuko duten pertsonen kopurua eta adina. Leku-kopurua mugatua da.
Aztertu programa
Aztertu Programan parte hartzen duten taldeek urteak daramatzate Euskal kostaldearen eta ibaien ikerketak egiten. Euren ustez, Azterkosta eta Ibaialde kanpainetan egiten den lana "aipagarria da benetan. Ez bakarrik laginketak eta galdetegiak betetzerako momentuan, baizik eta gizartean ingurumena zaintzearen beharra zabaltzean". Hala ere, pauso bat aurrera emateko, duela bost urte Ekinaren Eguna sortu zuten. Maiatzaren 22an, Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko egunean, Aztertu Programak talde jakin bategaz ingurumenaren aldeko ekintza zehatz bat burutzen du. Era berean, inguruko egunetan Ekinaren Astea izango da, eta oraindino zabaldu ez dituzten beste ekintza batzuk izango dira eskualdean, hainbat ikastetxek eta elkartek antolatuta.