Erandioko Txirrindulari Elkarteak adierazi duenez, "antolakuntza- eta segurtasun-arrazoiak direla eta", parte-hartzaileen kopurua mugatu behar izan dute. Horregatik, aurreko martxetako arrakasta dela-eta, gomendatu dute aurretiko inskripzioa ahalik eta lasterren egiteko. Gogoratu dutenez, izen-ematea burutuko da ordainagiria eman eta dortsala jasotzean, Ciclos Altzagan, maiatzaren 13ko 20:00ak arte. Betekizunak bete ezean, elkarteak ez du bermatzen lekua mantenduko denik. Txirrindulari federatuek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta bestelakoek, 32 euro. Dirua Laboral Kutxako kontu honetan sartu beharra dago: Es.92-3035-0074-11-0741046879.
Gernikara eta buelta
Probari dagokionez, irteera eta helmuga Erandioko udaletxearen alboan jarriko dituzte. Irteteko pistola-tiroa goizeko 09:00etan botako dute eta espero da lehenengoek 93 kilometroko ibilbidea 12:30ak aldera amaituko dutela. Erratz-autoa helmugaratzea, ordea, 14:30erako aurreikusi dute.
Ibilbideko lehenengo 20 kilometroak neutralizatuko dituzte. Hala, Erandiotik irten, Txorierri zeharkatu, Errigoitira igo, Gernikatik pasa eta Gerekiz gainean anoa jasoko dute txirrindulariek. Ondoren, Aretxabalaganera igo, Urduliztik pasa, Unbera igo eta Asua eta Lutxana atzean itxi ostean, Altzagara bueltatuko dira. Bertan, indarrak batzeko jan-edana izateaz gainera, sari-emanaldia izango da. Azken urteotan legez, Erandioko Txirrindularien Elkarteak ekimena baliatuko du Marra Gorria kanpainan berresteko. Horren bidez, Erandioko Udalari eta bestelako administrazioei eskatu diete errepideetan marra gorri bat margoz dezaten, autoek txirrindulariak aurreratzean utzi behar duten 1,50 metroko tartea irudikatzeko. Joseba Atxutegi elkarteko presidenteak hainbatetan errepikatu duenez, "inbertsio gutxi eginez, txirrindulariok segurtasun handiagoa genuke".
Argibide gehiagorako honako posta elektroniko eta telefonora jo daiteke: ciclosaltzaga@terra.com eta 944 676 101.