Oinezko bideak zabaldu aurretik, bazen errepidea pasatzeko aukera, zubi moduko pasarela baitago bertan, baina deserosoa eta luzeagoa izanda gutxik erabiltzen zuen, haietako batzuek eskailera-atalak daudelako. Horren ordez, errepidea zeharkatzen zuten auzokideek, arrisku handia hartzen, autoak hiru norabideetara baitoaz bertatik. Oinezkoek bide hori erabiltzen dute Altzaga, Astrabudua eta Axpeko industrialdearen artean mugitzeko.
Oinezkoen segurtasuna bermatzeko, biderik laburrenean jarri dituzte 7-8 metroko oinezko bideak, pultsadoredun semaforoakaz batera. Era horretan, hemendik aurrera zuzen joan ahal izango da Altzagatik Axpeko gasolindegira eta hortik Astrabuduko metrora edo industrialdera. Bitartean, itsadarraren ondoko espaloira mugitu ahal izango da Bizkaibus geralekura, bertako autobusak hartzeko. Azkenik, Axpetik Astrabudura bazterbidetik oinez igotzea debekatuta egongo da. Arrizen Monasterio zinegotziak ohartarazi duenez, horren debeku seinaleak errespetatuko ez dutenek isuna jasoko lukete, udaltzainek harrapatuz gero.
Era berean, auzokideak oinezkoen bidetik pasatuko direla ziurtatzeko, balizko bestelako bideak hesi baxuez moztu ditu Udalak. Kasu horretan, oinezkoak zein motoristak izan dituzte kontuan. Hesi bikoitzak oinezkoak babestuko ditu, autoren batek talka egingo balu espaloian sartzen utziko ez baitu. Bestalde, bazter-babesak burdinezkoak eta pieza bakarrekoak dira, ekiditeko motorzaleek erorikoetan ohiko bazter-babesakaz pairatzen dituzten mozketak.
Semaforoak 01:50 minutu ematen die ibilgailuei, hiru segundoz aldizkako argia pizten ditu eta 15 segundoko epea eskaintzen die oinezkoei 7-8 metroko pasabidea gurutzatzeko. Halere, pultsadorea sakatuta, ziklo hori eten daiteke, oinezkoei beste 15 segundo emateko. Arrizen Monasteriok azaldu duenez, hasierako programazio-zikloa da hori, baina aurrerago aztertuko dute ea egokia den edo aldatu beharko den. Bestalde, zinegotzi jeltzalea kontziente da ordu gorietan semaforoak auto-ilarak sor ditzakeela Astrabuduan, batez ere goizean eguna euritsua bada. "Oinezkoen segurtasuna lehenetsi dugu", azaldu du.
Lanak urtarrilean abiatu zituzten eta pasa den eguenean estreinatu zuten oinezko bideak alkateak eta udal talde politiko denen ordezkariek. Aurrekontuari dagokionez, 85.000 euro bideratu ditu Udalak, lanen %100 ordainduta. Halere, foru-errepidea izanda, Foru Aldundiak oinezkoen trafikoaren azterketa-txostena ordaindu zuen.