Pasa den eguaztenean, Xabier Benito eurolegebiltzarkide itzubaltzetarrak hasiera eman zien jardunaldiei Altzagan, Bruselan eta Estrasburgon egiten duen lana azalduz eta herrien Europaren alde mintzatuz. Atzo, ordea, Erandioko Ahal Duguren taldeak batzar irekia egin zuen Astrabuduan.
Gaur, barikua, kaleko galderetan jarriko dute arreta. Hiru kide ahaleginduko dira horiek erantzuten: Rafa Vaquero Ganemos Erandio udal taldeko zinegotzia, Elsa Panparacuatro Ahal Duguren batzarkidea Bizkaian eta Sergio Campo EAEko Ahal Duguren Hiritar Kontseiluko kidea. Ekitaldia Astrabuduko Josu Murueta kultur etxeko areto nagusian izango da, 19:00etan.
Datorren eguaztenean, maiatzak 25, Ahal Duguk instituzioetan duen presentziaren eta egindako beharraren berri emango dute. Horretarako, Rafa Vaquerogaz batera, Lander Martinez EAEko Ahal Duguren Antolakuntza idazkaria eta Veronica Luque alderdiko Erandioko taldeko kidea. Berbaldi hori Altzagako postetxe zaharrean izango da, 19:00etan. Hurrengo egunerako, auzokideei dei egin diete, Erandioko udal bilkurara joan daitezen, goizeko 08:00etan. Azkenik, maiatzaren 28an, zapatua, pintxo-poteoa egingo dute Astrabuduan. Ordua eta abiapuntua ez dute zehaztu oraindino.