Ekimenak elkartasun-osagai handia izango du. Bertan bilduko den diru dena Mikeltxo Txapeldun egitasmora bideratu, eta Mikel Martin gaixotasun arraroa pairatzen duen Barakaldoko mutikoaren sendiari emango diote.
Martinen gaixotasuna hain da arraroa, oraindino ez duela izenik. Jaki gehienei intolerantzia die umeak, eta ezin da ahotik elikatu; uragaz nahasitako Neocate izeneko botika inorganikoa ematen diote, zilborraren ondoan ipinitako konduktu baten bidez. Aminoazido horiek dira bere janari bakarra. Martinen familiak behin eta berriro adierazi du Mikeltxo Txapeldun proiektuaren helburu nagusia dela "gu ezagutarazi, eta gaitza mahaiaren gainean jartzea, eta elkartea izan barik, balentriak egin daitezkeela frogatzea". Hala, aldarrikatu dute «gaixotasunaren ikerketa ospitale publikoetan eta diru publikoagaz egin beharra" dagoela, "negozio-bide bilakatu barik".
Horrezaz gainera, umearen gastu medikoak ordaindu gura dituzte, pinak, eskumuturrekoak eta panpinak salduz eta zozketak eginez. Hala, domekan zozketa berezia egingo dute, eta hainbat komikigileren ilustrazioak euro bian eskuratzeko aukera izango da. Besteak beste, Al Barrionuevo, Pepe Larraz, Max Fiumara eta Salvador Larrocak lan bana eman dute, Martini sostengua adierazteko. Daborduko, zozketa-zenbakiak eros daitezke Altzaga eta Astrabuduko hamaika lekutan, tartean: Txorierri eta Beti Lagun tabernak, Scarpa zapata-denda, Carmenen denda, Castellanos tailerra, Mapamundi, Urban Joy, Mana litxarreria-denda edo Halcon bidaia-agentzia. Erandio Skate eta Jaialdi elkarte antolatzaileek izena ematera dei egin diete gurpil gaineko kirolzaleei.
Egitaraua
Ekainak 11, zapatua
- 10:00-12:00 Irristaketa- eta skate-tailerrak, Erandio Skate, Bilbo Bladers eta VSZone Peter Obsesion taldeakaz, Jado ikastetxean.
- 10:00-14:00 Irristaketa-ikastaroa, BeRoller-ek, Roex-ek eta Roller Store-k emana, Erandioko metro-geltokiaren zabalgunean.
- 12:00-14:00 Roller Derbyko entrenamenduak, Jado ikastexean.
- 15:00-20:00 Jaitsiera Jaialdi elkarteak antolatua, Ategorriko aldaparen gainetik.
- 15:30-19:00 Muturreko lehiaketa, Bilbo Bladersen eskutik, Jado ikastetxean.
- 16:00-21:00 Irristaketa-ikastaroa, BeRoller-ek, Roex-ek eta Roller Store-k emana, Erandioko metro-geltokiaren zabalgunean.
- 20:00-21:00 Slalom-erakusketa, Jado ikastetxean.
- 20:00-22:00 Poteo-kalejira Altzagatik.
- 22:00-01:00 Dj Cooper-en eta The Bites!-en kontzertua; eta monitore-zozketa.
Ekainak 12, domeka
- 10:00-12:00 Irristaketa-ikastaroa, BeRoller-ek, Roex-ek eta Roller Store-k emana, Erandioko metro-geltokiaren zabalgunean.
- 10:00-13:00 Irristaketa-ikastaroa eta saio librea, Jado ikastetxean.
- 12:00-13:00 Roller Fit, Jado ikastetxean.
- 13:00-14:00 Zozketak, Jado ikastetxean.