Goiherri Martiartun lehiatuko da gaur

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 11a, 10:00
Goiherri taldeko tiralariak, iaz egindako harreran.

Gaur, zapatuan, Goiherri sokatira-elkarteak bere etxean, Goierriko jaietan eta Martiartu dorretxearen pean, jokatuko du lur gaineko Euskadiko sokatira-txapelketa, 640 kiloko modalitatean.

17:30etik aurrera, erandioztarrek talde bi aurkeztuko dituzte, Akelarregaz batera osatutakoaz gainera. Lehiakideak Laukizko Gaztedi klubaren hiru talde eta Mutriku izango dira. Goierritarrak ez datoz esku hutsik 640ko bigarren jardunaldira. Pasa den zapatuan, Laukizen, Gaztedik eta Goiherrik berdinduta amaitu zuten. Batzuk zein besteak nagusitu ziren tiraldi guztietan, eta euren arteko deman, berriz, berdinean amaitu zuten. Hala, Gaztedi A eta Goiherri A dira kategoria horretako txapela janzteko faborito nagusiak. Bi talde nagusien ostean, Goiherri B sailkatu zen hirugarren. Aipatutako lider biren aurka galdu zuen, baina gainerako tiraldiak irabazi zituen. Atzetik, Gaztedi B, Mutriku, Goiherri-Akelarre eta Gaztedi C geratu ziren. Halere, 640ko txapela ez da erabakiko Martiarturen itzalpean, Barrikan baizik. Udalerri txiki horrek hartuko du txapelketaren finala ekainaren 18an, 17:30ean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun